Joxe Iriarte, Bikila
Alternatiba
GAURKOA

Izenburu maltzurra: «Aberria»

Amin Maalouf-en “Identitate hiltzaileak” lanak fundamentalismo erlijiosoa (batez ere) hilketarako berezkoa omen duen joerarekin identifikatzen du. Alabaina, ezer gutxi esaten da eraildako identitateei buruz (genozidioa barne), identitarioak ez direla diotenengatik ere; adibidez, globalizazio neoliberalaren bultzatzaileengatik, eta estatu nazionalen zein haien ideologoengatik.

“Patria”. Zein aberri salatu nahi du izenburu horrekin Aramburu jaunak? Euskal (aberria) Herria! Terroristek euskal aberriaren defentsan justifikatzen dituzte hilketak. Baina euskal abertzaletasun desberdinak daude, eta ez denak biolentoak. Leizaola lehendakariak Carrero Blancoren magnizidioa ekintza duintasun gabekoa eta euskaldun izaeraren aurkakotzat salatu zuen, euskaltasuna eta kristautasuna bat eginez. Hori adibide bat da, badira ere desobedientzia zibil ez biolentoa bultzatu dutenak ezkerretik. Eta hor dago Guardia Zibilaren eta armadaren «Todo por la patria». Aberriak eta aberriak daude.

Ezinezkoa da ukatzea euskal aberria defendatzeko (eta ulertzeko moduak eta moduak daude) odola isuri dela. “Eusko gudariak” ereserki gerlaria da eta aberriaren defentsan norberaren (eta besteren) odola isurtzearen aldeko kantua. Hala egin zuten gudariek 36an, norberarena eta besterena isuriz, eta milizianoek zein ta herri-armadak errepublikaren defentsan. Gero, diktaduraren aurkako borrokan; eta 78ko erregimenaren aurka ETAk antzinako erreferentzia politiko, etiko eta moralak hankaz gora jarri zituen, kontrol zaileko espiral batean sartuz. Alabaina, ez da aipatzen zenbat odol isuri den Espainiako Estatuaren (aberriaren) alde!

Egia esan, ez dago kausa (ez sinbolo) emantzipatzailerik, izaera patriotikokoak edo beste genero batekoak izan (unibertsalak ere bai), beren azken nahiaren aurkako kutsadura-maila desberdinak jasan ez dituenik, eta garbitzeko zailak direnak. Baina deigarria da Aramburuk bere nobelan torturaren gaitza gogoan izatea, baina ez Espainiako aberriaren defentsarekin lotzea. Rafael Verak ozen aldarrikatu zuen «arrazoiarekin edo gabe, amarekin bezala, beti aberriarekin». Duela gutxi hildako Ion Arretxek “Intxaurrondoaren itzala” liburuan Intxaurrondoko kuartelean (zeinean «Dena Aberriagatik» azaltzen den eraikinaren atarian) jasandako torturak kontatu zituen. Espainia, Ama Birjina bezala, tatxarik gabeko aberria al da?

ETAk euskal aberriaren aldarria kakaztu du baina, dirudienez, Guardia Zibilak espainiar aberriarena ez.

Nire oroimenean fresko dago Mikel Azurmendiren epaia. Antropologo euskalduna, ETAko militante ohia eta gerora PPra hurbildu izan zena, euskara hiltzaileen hizkuntzatzat irudikatzearekin publikoki bere ama hizkuntza arbuiatu eta uko egitera iritsi zena. Euskarari uko egitea; ez, ordea, gaztelaniari ez ingelesari, ahazturik hizkuntza horien hiztunek egindako genozidioak. Hala ere, zentzugabea litzateke hizkuntza horiei izaera hiltzailea adieraztea. Hizkuntzek ez dute erailtzen, identitateek ere ez; pertsonek eta hiztunek erailtzen dute, egiten dutenaren izenean egiten dutela.

Edonola ere, literaturaz jantzitako gerra zikin eta desberdin horretan, baliagarria da hilketak aberri, hizkuntza eta erlijio jakin batzuekin identifikatzea, baina atzean diren erantzuleak ezkutatuz. Euskal abertzaletasunak baditu bere gaitzak (zer abertzaletasunek ez ditu?). Alabaina, besteren begiko lastoa seinalatzeari, bere begietan habe tamainakoak daudenean, gutxienez asaldagarria deritzot. Uste dut aberriak eta aberriak daudela, bakoitzak berea hauta dezala... ahal badu. Niri ez didate uzten aukera hori egiten, kontrakoa ez bada.

Aspaldi idatzi nuen: «Komeni da ez ahaztea garai modernoko Frantziako eta Amerikako lehen iraultzak aberriaz hornitu nahi zutenek egin zituztela». Egia esan, abertzaletasun errepublikanoa zen, ez erromantikoa, askatasun zibikoen munduari eta herriaren autogobernuari lotuagoa aldarrikapen etniko-kulturalei baino. Baina bereizketa hori ez da puztu behar.

Beti iruditu izan zait artifizial samarra dela eredu nazional alemaniarraren (ustez erromantiko-etnikoa) eta frantsesaren (ustez errepublikano-herritarra) artean egiten den banaketa; era berean, eredu historizistaren eta eguneroko plebiszituaren artean egiten dena, ez baitago naziorik (diktadura egoeretan izan ezik) bere konstituzioetan balio zibiko errepublikanoak bere gain hartzen ez dituenik; eta, aldi berean, hizkuntza ofiziala nazionaltzat hartzen ez dena da (frantziar errepublikanoak euskararen ofizialtasuna aldarrikapen etnikotzat jotzen du, baina frantsesa hizkuntza ofizial bihurtu berri du), eta beste horrenbeste gertatzen da kosmopolitismoarekin eta abertzaletasunarekin.

Charles Taylor federalista kanadarraren hitzetan, humanismo zibikoak «lotura sendoa behar du komunitatearekin». Beste era batera esanda, «abertzaletasuna kosmopolitismoa bezain beharrezkoa da, estatu demokratiko modernoak autogobernuarekin oso zorrotzak diren enpresa komunak direlako». Ondorioz, «kosmopolitismo zibilizatuaren aldeko gudua solidaritate unibertsalei irekitako abertzaletasunetik egin behar da». James Conolly irlandarrak, Alderdi Errepublikano Sozialista Irlandarraren sortzaileak eta Pazko Matxinadaren porrotaren ondoren fusilatutako iraultzaile abertzaleetako batek zera uste zuen: «Benetako abertzaletasunak bakoitzaren ongizatea guztion zorionarekin lotzen du, eta ez dator bat aberastasun mundialaren desio berekoiarekin, hain mesedegarriak ez diren hilkorren esplotazioarekin bakarrik lor daitekeena. Langileriaren egitekoa da abertzaletasunari esanahi goren eta nobleago hori ematea».