Hiru genero arrakala digitalak
Arrakala digitala ez da soilik digitala. Aurrez existitzen diren ezberdintasun sozioekonomiko eta kulturaletan du oinarria. Eta horren ispilu ere bada. Baita gizarte digitalizatuenetan ere. Genero perspektibatik aztertuta, hiru arrakala digital definitu dira ikerketetan: 1. Teknologien eskuragarritasunean ematen den arrakala (access gap), eta atzitze eta konexio horien kalitatea. 2. Teknologien erabilera arrakala (use gap), alfabetatzeari, motibazioari eta aspektu emozionalei lotua. 3. Teknologien baliagarritasun arrakala (utility gap), offline bizitzan duen eragin eta onurari erreferentzia egiten diona.
Gero eta konektatuago gauden garaiotan, genero arrakala digitaletan sakontzen jarraitzen dugula baieztatzen dute ikerketek. Genero berdintasunetik aldentzen. Eta ez alderantziz. Lehen arrakala digitala gainditu dugula dirudi. Baina ez. Unescok 2019an adierazi zuenez (“I’d blush if I could”: https://labur.eus/unesco), azpiegiturak eskuratze hutsaz harago, kalitateaz hitz egin behar da, azpiegitura gero eta sofistikatuagoa izan, genero ezberdintasuna handitu egiten baita. Bigarren arrakala digitalean, genero ezberdintasuna handiagoa da informatika gaitasunetan, Interneten nabigatzerakoan baino. Eta esanguratsua da: gaitasun horiek baitira lan eremuan eragin zuzena dutenak (“Mujeres y digitalización”: https://labur.eus/muj_dig). Erabileran ematen den ezberdintasuna ere aipagarria da, horrek definitzen baitu emakumeak sarean duen lekua eta rola. Adituek bigarren genero arrakala digitala jotzen dute egungo erronka nagusitzat, hirugarren genero arrakala digitala baldintzatzen duen heinean.
Eremu digitala gero eta garrantzitsuagoa da gure ongizatean, eta aukera berdintasuna bermatu egin behar da. Emakumeen inklusio digitalak hezkuntza sisteman konpetentzia digitalek duten norabidea eta ikaskuntza-irakaskuntza estrategia aldatzea eskatzen du, emakumeek ere euren eremua dela senti dezaten. Genero arrakala digitalak ez direlako digitalak soilik. Eta ez direlako gailu digitalekin soilik konponduko.