A. AGIRREZABAL

EGUNGO EUSKALDUNEN AGERRALDIA, ERROMATARREN «AGER VASCONUM»-EN

«Ager Vasconum» erromatarrek baskoiak menderatzean sortutako lurzoru publikoa izan zen. Hitzez hitz, «euskaldunen lurra» zen. Zehazki zer hartzen zuen zehaztea zaila bada ere, euskal lurraldeetako beheko lurrei egiten zien erreferentzia. Garesetik Cortesera eta Zangozatik Vianara. Orain, Agerraldiaren eremua da.

Euskaldunen lur hartan euskarari kendutako espazioa berreskuratzeko lanean ari da Errigora. Horretarako, Agerraldia ekimena antolatuko dute datozen hilabeteetan. Hiru helburu nagusirekin agertu da plazara: ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera positiboa birsortzea. Betiere euskal hizkuntzari, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean hauspoa emate aldera.

Ager horretako hainbat euskaltzale dira Agerraldiaren protagonista. «Euskararen alde ari direnak saretu eta indarrak batzea dugu xede», azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, ezinbestekotzat jotzen dute «euskararen inguruko posizionamendu berri bat».

Kanpaina honen etekinekin inguru horretako ikastolen, euskaltegien eta D ereduko lerro berrien euskalduntze lana babestuko dute. «Aisialdian, kulturan, kirolean, lan munduan, erakundeen esparruan edo hezkuntzan euskarak dagokion lekua irabaztea da asmoa».

Alderdi horri erreparatu dio Saioa Crespok, Tuterako Argia ikastolako zuzendaria eta kanpainaren protagonistetako bat denak. «Beste eskoletan izan ohi den azpiegitura izateko aukera Errigorari esker izan dugu». Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, igogailua edo proiektorea ekimen honek sortutako etekinei esker jarri dute ikastolan.

Hezkuntza izan da euskara bultzatzeko tresna nagusia. Baina ezin da horretara mugatu. «Pauso bat haratago goaz. Herrian euskaraz bizitzeko aukera ere izatea. Euskara ez dadila ikastolako pareten artean geratu», esan du Crespok.

Asmo horrekin antolatu dute urte osorako agenda, non kirol jarduerak, erakusketak, bertso eskolak eta hainbat euskara egun iragarri dituzten. Eta, horretaz gain, eskolaz kanpo haurrak euskaraz jolas daitezen ludoteka iraunkorrak antolatuko dituzte Allo, Azkoien, Caparroso, Castejon, Erriberri, Lodosa, Mendigorria, Orbaibar eta San Martin Unx herrietan.

Hezkuntzatik harago

Caparrosoko bizilagun Cristina Luquik, zentzu berean, «‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloak dioena praktikan jartzeko beharra» nabarmendu du. Bi haur txiki ditu. «Egunen batean euskaraz jolastea eta haientzako erlazionatzeko formarik naturalena izatea nahi nuke». Berak ez zuen aukera hori izan. Izan ere, Caparroson ez zegoen euskaraz ikasteko edo aritzeko aukerarik. Nerabezaroan piztu zitzaion euskararekiko interesa eta Gasteizen, Irakasle Ikasketak egiten ari zela eta «pixka bat egoerak behartuta» hasi zen euskarara gerturatzen.

Bi semeak D ereduan ditu orain, baina hezkuntza esparruaz gain, haurrek beste jarduera batzuk ere herrian bertan euskaraz egitea nahiko luke. Izan ere, orain Tafalla edo Iruñera eraman behar ditu. Eta hutsune hori betetzera ere badator Agerraldia. «Beldur eta etiketak kentzen lagun dezake. Beste edozein tokitan egiten den gauza bera egin daiteke hemen, baina euskaraz».

Eta, gainera, egoera berean dagoen jendea ezagutzeko balio izan dio. Antzera mintzatu da Endika Iriso, Rotten Amairu taldeko abeslaria eta kanpaina honetako beste protagonistetako bat. «Agerraldiak ekar dezakeen onura handienetako bat ‘eremu ez euskaldun’ deituriko horretan bizi garenak saretzeko ahalmena da. Batzuetan ez gara konturatzen zenbat jende dagoen euskararen alde lan egiteko prest gure inguruan eta hau aukera ona izan daiteke. Zerbait anitza osatzeko abagune polita da».

Euskara arlo pribatuan geratzen da Nafarroako hegoaldean. Arlo kulturalean edo administrazioan ez dago ia aukerarik. Orain, ekimen honekin, adibidez, futbol talde bat sortu da, euskaraz egiteko. «Herrian ekimenak eta aukerak behar dira. Guri erakutsi digu ez gaudela bakarrik», azpimarratu du Crespok.

Eta bakoitzak bere esparruan lagun dezake. Horretaz jabeturik, Rotten Amairu taldeak jende gaztea erakartzeko ahalmen hori jarriko du proiektuaren esku. «Askok, lotsagatik edo, hitz egiteari uzten diote eta, ondorioz, ahaztu». Hori berriro gerta ez dadin, bere alea jarriko du talde nafarrak.

Lan eremuan ere pausoak emateko beharra antzeman du Josu Iturrik, Arroitzeko Iturri kontserbak enpresako kideak. «Helburua euskarak gaztelerak duen garrantzia hartzea da». Han eta hemen, bizitzaren esparru orotan agertu behar du euskarak.