Munduko errekorra... eta ezin ongi ospatu
Egun handia izan zen larunbatekoa Alun Wyn Jones errugbi jokalariarentzat. Galesekin Eskoziaren aurka jokatu zuen Sei Nazioak Torneoko partida, azken jardunaldiari zegokiona, selekzio batekin jokatzen zuen 149. neurketa izan zen beretzat, munduko errekor berria ezarriz. Galeseko kapitaina Richie McCawrekin berdinduta zegoen orain arte, 148 partidarekin, eta larunbatekoak aurretik ipini du 35 urteko jokalari beteranoa. Hori bai, kontuan izan behar da McCawren 148 neurketak Zeelanda Berriko selekzioarekin izan zirela, eta Alun Wyn Jonesek, aldiz, 140 aldiz jantzi duela Galeseko elastiko gorria, beste 9 demak britainiar irletako jokalariak biltzen dituen Lions selekzio “bereziarekin” jokatuak izan baitira. Ideia bat egiteko, hona beste datu esanguratsu bat: Jonesek 2006an jokatu zuen lehen aldiz Galeseko selekzioarekin, Argentinaren aurkako norgehiagoka batean.
Poza, ordea, ez zen erabat borobila izan galestarrarentzat larunbatean, eta ez bakarrik Eskoziaren aurka 14-10 galdu zuelako. Antza denez, errugbilariak mesedez eskatu zuen bere familia zelaian egotea nahi zuela horren egun berezian, baina ez zioten eskaera onartu. Izan ere, pandemiari aurre egiteko neurri moduan, neurketa ateak itxita jokatu zen, eta, gainera, Llanellin, Scarlets taldeak jokatu ohi duen zelaian. Cardiffeko Millenium estadio ikusgarria covid-19ari aurre egiteko gune bilakatuta dago egunotan.