Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Gezurraren normalizazioa

Hamaika gogoeta irakurri ahal izan da egun hauetan “Trumpaldiak”, irauten duena irauten duela, utziko duen ondare iraunkorra zein izango ote den igartzeko asmoz. Horien artean, hala ere, ez dut apenas kausitu niretzat nabarmenena, eta iraun ez ezik inbasiboa bihurtzeko aukera gehien dituena: gezurraren normalizazioa.

Zalantza funtsaturik ez dago Trump gezurti konpultsiboa dela. Eta horrelako bat aginte politikoaren gorenean izatea ere ez da berria: aldi eta esparru geopolitiko berberetik urrundu gabe, Nixon edo Blair gogoratu besterik ez dago. Gezurra eta politikagintza aspaldiko lagunak dira.

Trumpen berritasuna, haatik, izango da tasunaren eskala (hogeita piko mila gezur edo erdizkako egia zeramatzan, bere agintaldiaren hasieratik zenbatuta, kontaketa jarraitzeari uko egin nionean; fact-checkinga oinarrizko prozedura informatiboa bihurrarazi duela esan liteke). Baina, batez ere, lotsagabetasuna izango da Trumpen «ekarpena» gezurkeriaren bizibidera: ez zaio axola gezurretan harrapa dezaten…; eta, okerragoa dena, bere jarraitzaile zintzoenei ez zaie hori batere axola. Gezurra botatzea (eta onartzea) normala bihurtu du politikagintzan.

Eta hortik eratortzen da arazoaren benetako kaltegarritasuna. Lekutan geratu dira topikoa zenaren garai haiek: «Bai, baina han [Estatu Batuetan] gezurretan harrapatzen dutena, akabo!».

Badut lagun zahar (eta zuhur) bat esaten duena gezurra droga bat dela. Substantziarik gabeko droga horietakoa, alegia. Hark dioenez, tolerantzia eragiten du gezurrak; eta ondoren, adikzioa, dependentzia, eta baita abstinentzia-sindromea ere. Norbanakoarentzat, beraz, beste droga batzuekin jada ezagunak ditugun gorabeherak edukiko lituzke gezurrarekiko abusuak eta mendekotasunak.

Baina herri-administrazioari dagokionez? Zergatik gerta litekeen agintari gezurtia ontzat hartzea argitu beharko litzateke lehenik. Eta horren ondorioak zein diren, jarraian.

Nolanahi ere, erantzunak ez dira lasaitasuna eragiten dutenak.