Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aurrea hartu esan, atzetik izan

Bada bai, ume garaira bueltatu naiz egunotan. Kale bazterretan amerindiarrak eta bakeroak ginen garaira bueltatu; argitu beharrik ez bada ere, ni beti amerindiar, arkua eta geziak beti prest, eta ez abelburuei begira, prezisamente! Hori bai, prakamotzetan! Bai, AEBetako hauteskunde zer horrek bueltarazi nau garai hartara. Nevada, Michigan, Wisconsin, Arizona, Pennsylvania, Oregon… Far West, Far East, dena far zen garaira. Ama, ama! Haiexek pelikulak! Cowboyak, zalditik jaitsi barik, hamaika estatu zeharkatzen zituenekoak, bere ondasun guztiak fardel batera bilduak… Pandemia garaian egunerokoan baimen-paper guztiak biltzeko erabiltzen dudan fardela baino txikiago batean bilduak ere, far hartan. Eta kuriosoa bazen ere, siuxak, arapahoeak, cheyenneak… bizilekua sorterri zuten indiar taldeak, pelikula osoan beren lurretatik atera gabe! Bai 0 km jende jator haiena!

Horiexek aztarnariak! Pandemia aldian bai gero horien falta igarri, hemen sikiera! Esan gabe doa zuri-beltzean ikusten genituela filmak. Hain da kolorezkoa harrezkero izan den geroa! Orain Etxe Zurian dago koska. Eta kezka. Baina zuri-beltzean segitzen du etxe hartakoak. Nik, egia esan, Pazifikoaz bestaldeko kontu bezala begiratzen diot hangoari. Bai, Pazifikoa, Asiatik egiten dudalako buelta mentalean hara heldu aurretik, ez Atlantikotik zuzenean. Atera kontuak! Total, Etxe Zurian seguru kutxa beltza dagoela, sotoren batean edo, planetako munduetan izan eta izaten ari diren hainbat istripu planifikaturen argigarri.

Eta hemen konfinamendutik gertuko entzierro aldrebesean. Jaurlaritzaren joaldunak –jo ahaldunak–, dekretu-paper bilduak eskuan, korrika handitzen ari diren kutsatze datuen atzetik neurrika. Alderantzizko aurreikuspena horiena: pandemiaren atzetik joan aurrea hartzen ari direlakoan! Oasi halakoa! Koloreak transgeniko!