Jon ORMAZABAL
PILOTA

Txapelak egunerokoan irabazten direlako

Ezkurdiak eta Altunak aurrerago topo egitea espero bazuten ere, prest daude igandeko final aurreraturako.

Txapeldun izan nahi duenak onenei irabazi behar izaten omen die, baina badira txapelerako bide zailagoak eta samurragoak. Ondo daki hori Joseba Ezkurdiak; zozketaren egunean nahi ez zuen aurkari bakarra egokitu zitzaion parean arbizuarrari, Peñaren aurka erakustaldia ematetik datorren Jokin Altuna. Topo egitekotan, biek ere final-laurdenak baino aurrerago topo egitea espero zuten, baina sasoian helduko dira final itxurako kanporaketa honetara.

«Buruz burukoan hasteko irrikaz nago, entrenamendu onak egin ditut eta sentsazioak onak dira. Partida hau orain dela bi aste jokatu behar izango banu, oso justu iristen nintzela esango nukeen, baina azken bi asteetan fisikoki aurrerapauso nabarmen bat eman dudala uste dut, entrenamenduak askoz hobeto amaitu ditut eta ez diot beldurrik partida luzatzeari. Are gehiago, seinale ona izango da, partidan sartuta nagoen seinale», azaldu zuen Ezkurdiak.

Izan ere, arbizuarrak ondo daki parean egokitu zaion aurkariak ez diola inolako erraztasunik emango, eta partida estua espero du. «Altuna sasoi betean heltzen da partida honetara, pilota bizi irteten zaio eskutik eta errematearekin min handia egiten ari da. Nire jokoa egitea lortzen badut, aukerak izango ditut». Horretarako, partida bakoitzaren barruan egon ohi diren partida desberdin guztietan azkenera arte borrokatzea funtsezkoa izango dela uste du, inolako despisterik izan gabe.

Altuna, berera

Amezketarrak uste baino errazago gainditu zuen beti arazoak eman ohi dituen estreinako partida eta argi dauka normalean Ezkurdiak Peñak baino askoz gehiago estutuko duela; «baina beti esan ohi dudan bezala, honaino heldu bagara, gauzak ondo egin ditugulako da. Aurkariaren arabera has zaitezke honek hemen edo han huts egiten du pentsatzen, baina zuk zurea egin ezean, alferrik da. Gaur egun buruz burukoan ez dago sekreturik, pilotari eman egin behar zaio; asko defendatzea tokatzen bazaizu, normalean ez duzu irabazten».

Partidaren balizko giltzez galdetuta, Altunak sakera begiratu du. «Banakako joko honetan ikusten da takada handiak daudela asteburuero; pilotari batek sakea hartzen duenean takadak lortzen ditu. Joseba arriskutsua da sakearekin, asko sakatzen du eta nik ere horretan saiatu beharko dut. Pilotari batek saketik bost edo sei tanto egiten baditu, dena ez, baina asko egina izaten du», azaldu zuen amezketarrak. «Nik Bakaikoaren aurka egin nuen sakerik onena pasa izan zen, lege berrira moldatu beharko dugu».

Partida handi honek apur bat itzalean utziko du Danel Elezkanok eta Asier Agirrek jokatuko duten final-laurdenetako beste partida. Zaratamokoak azken bi urteetan finalerdiak jokatu ditu eta aurten ere hala egin nahi luke. «Debutaren zalantza normalak ditut, baina ondo heltzen naizela uste dut. Buruz Burukoa prestatzeko astia izan dut, baina gertatu izan zait justu samar eta denborarik gabe heldu eta txapelketa handiak jokatzea. Sekula ez dakizu zer den hobea».

Irunen hasiko da txapelaren defentsa

Aimar Olaizola izan zen, 2013. urtean, Buruz Buruko txapela bi urtez jarraian jantzi zuen azken pilotaria. Ordutik, beste bost txapeldun izan ditu lehiaketak, Martinez de Irujo, Urrutikoetxea, Irribarria –birritan–, Bengoetxea VI.a eta Altuna III.a. Aramarra da gaur egun gorriz janzteko ohorea, eta ardura, duen pilotaria eta Promozio mailako txapeldunaren aurka hasiko du, gaur gauean, bere txapelaren defentsa eta hirugarrenerako bidea.

Beste urte zail baten ostean, kantxa osoko buruz buruko lehia izan daiteke goierritarrarentzat onenen artean aritzeko aukerarik aproposena, baina horretarako ezin izango du akatsik egin bi partida on jokatzetik datorren Darioren aurka. Peio Etxeberria eta Zubizarretaren aurka oso maila ona eskaini du errioxarrak, bere ibilbideko unerik gozoenean da eta ziurrenik koadro osoko sakerik zitalenaren jabe da. Nahikoa ote txapelduna kanporatzeko? J.O.