Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Borroka batzuen ederra artea denean

Bai lasaitu ederra hartu dudana, kutsatze-kurba mesetan dagoela albistegian entzun dudanean! Minutu gutxiko lasaitua izan da, ostera, ze segituan harrapatu nau erliebearen zalantzak: goranzko mesetan ala beheranzkoan gara? Hamaika aldapa-meseta ikusteko gara eta! Orain zerra-hortza, orain zerra-hagina… Eta zenbat entzuteko gara? Hamaika ere, hori baino gehiago ez baita euskaraz. Hara Ajurianeko maizterrak lehengoan Legebiltzarrean esana, pandemia garaiko neurri ofizialez ari zela; beste albistegi batean artezean entzunda: «gaixotasun askorekin gertatu moduan, honetan ere medikazioa doitzen joan behar dugu, hau da, neurriak doitzen…». Amen!

Eskerrak jakin banekiela albistea birusaren haritik zetorrela, bestela… derrepentean entzunda autogobernuaz ari zela pentsatuko nuke, horren egoera gaixoaz ari… Bada ez, bai lerdoa gero, neu! Birusaz ari zen maizterra, serioz prefosta! Noiz ulertuko dute autogobernua hizpide duten horiek burujabetza ez dela kontu politikoa, ez historikoa, ez… funtsean osasun kontua dela, gaur inoiz baino gehiago, osasuna burutik hasten baita! Eta osasunaz jabetzea buruaz jabetzea denez… Eta osasunaz ari naizela, beti legez, poeta andaluz harena gogoan: «gaixo egotea baino txarragoa da mediku okerra izatea». Poetak behar ditu Legebiltzarrak! Eta Atzekoz Aurrera politikak!

Tira, musukoaren BEZaren harira! Jaitsi egingo dute, beheko Estatuak, graziaz betea, hola baimenduta, jakina. Ama, Ama! Horretan ere, otseintza gurea! Zergak hemen biltzen dira, bai hori? Baina noizko estatus politiko berriaren “balio erantsia” hemen jartzea? Normalkeria berrian izango ote? Bai zera, kimera! Eta orain aurrekontu-borroka dator, han-hemengo erakundeetan… Eskerrak “Lemoiz gelditu” murala Arte Ederren Museoan jarri dutela ikusgai, borroka batzuen ederra artea den seinale!