Aitor Garagarza
GAURKOA

Sindikalismoa bidegurutzean

Kapitalismoaren krisi aro berri baten atarian gaudela, covid-19ak krisiaren etorrera azkartu du eta, printzipioz, orain arte ezagutu ez ditugun ezaugarri propioekin gauzatzen ari da. Lehen olatua deiturikoan agerian gelditu ziren sistema ekonomikoaren beraren hutsuneak zein gure agintariek azken hamarkadetan aurrera eraman dituzten politika neoliberal teokratikoen mugak. Baina hilabete oso gutxitan ikusi dugu ez daudela prest ereduaren inguruko inongo eztabaida gauzatzeko, ezta beren pribilegioak kolokan jar litzakeen inongo kontzesiorik onartzeko ere.

Gurean, europar «laguntza»-funts pozoitsuen diru bideratzearen erdia (AHT, Iberdrola edo Petronor) gutxi batzuen diru-gosea asetzeko erabiltzea edo pandemia baten erdian osasungintzan zein hezkuntzan gastatutako diru partida aurreko urtearen antzekoa izatea horren erakusle argi dugu, besteak beste. Berdin zaizkie sistemak agerian utzi dituen pitzadurak; oso argi daukate, ez dute inongo asmorik gehiengoaren mesedetan jarduteko; ostalaritza, kasu. Are gehiago, testuingurua aprobetxatuz desjabetuon aurkako oldarraldi berri bati ekin diote konplexurik gabe.

Gainera, sistema ekonomiko, sozial eta politikoaz berba egiten digutenean, gehienetan, badirudi termino jainkotiarretan berba egiten digutela. Nolabait, naturalizatzen dugu dagoena, betidanik horrela izan delako eta bestelako aukerarik ezin daitekeelako egon. Zeharka, pultsio utopikoa/errelato askatzaile oro suntsitu nahi dute, behin betiko euskal distopia ezartzeko.

Euren erabakiak «onenak» eta bakarrak diren bitartean, oso argi daukate desjabetuon bizi baldintzak egonkortu, irauli edo erresistentzia sorraraz dezakeen mugimendu oro desegin egin behar dela. Ez da kasualitatea, azkenaldian lan gatazken areagotzearen aurrean sindikalismoaren aurka statu quoaren kudeatzaileek erakutsitako jarrerak eta adierazpenak, beste batzuen artean, Hezkuntza arloko edo Osakidetzako langileek pairatu dituztenak. Haien ahotan inoiz ez delako momentu egokia aldarrikatzeko.

Ez, ez da kasualitatea eta estrategia baten aurrean kokatu behar dugu sindikalismoaren aurkako oldarraldia. 78ko erregimen autonomikoaren tokiko kudeatzailea den EAJk argi dauka haien agenda neoliberala ezartzeko egun duen azken gotorlekua antolakuntza sindikala dela. Aspaldi uko egin zioten nazio eraikuntzari, Eurokoparen gola dugu azken adibiderik gordinena, eta egun neoliberalismoaren tokiko ezarpenaz arduratuta daude beren tartaren zatia galdu gabe.

Horien aurrean, XXI. mendean gehiengo sindikal antolatu eta indartsu bat egotea ez da gutxi, miseriak onartuta ere. Zelanbait, aurreko borroka zikloak sortutako mikroklimek ahalbidetu zuten egun dugun uzta. Gehiago sakondu eta hausnartu beharko litzateke, baina bi hipotesi botako ditut: 1978ko erregimenaren kudeatzaileek Hego Euskal Herrian bazeukaten garaitu beharreko etsai nagusi bat eta 2. tradizio luzeko sindikalismoaz gain, borrokaren epikak autoantolakuntza eta aldarrikapen desberdinekiko ikuspegi positibo oso zabala sorrarazi du.

Horretaz gain, aurreko zikloak sorrarazitako mikroklimak ahalbidetu du egun dugun autogobernu maila, zenbait babes sistema propio edota lan hitzarmen duinagoak. Baieztapen honekin ez dut irudikatu nahi, lortutakoa ideala denik, baizik eta aurreko zikloko mikroklimak aldeko haizeak sorrarazi zituela. Besterik gabe, askotan, gu baloratzeko kapaz ez garen errelatoa jarri nahi dut mahai gainean. Nekez onartu behar izan dituzte egun ditugun eskubideak, hainbatek zuhaitza mugiarazten zutelako. Neoliberalismoaren agenda ezartzean erresistentzia topatu dute, eta nahi baino mantsoago garatu behar izan dituzte beren asmoak.

Egun, joko zelaian asko dago, ez ogi-apurrak, krisi betean sartuta gaude eta gure historian oso errotuta eta garrantzitsua izan den sindikalismoa jomugan dago. Euskal sindikalismoa buruz burukoan oldarraldi neoliberalari aurre egiteko gai izango da? Mikroklima berriak sorrarazten duen beste borroka ziklorik gabe, euskal sindikalismoa eusteko eta eraldaketa sozialean aurrerapauso nabarmenak emateko kapaza izango da? Nire ustez, ez. Zergatik?

Sindikalismoak ezin dio muzin egin orain arte jendartean bitartekaritza erakunde nagusi izan direnen krisiari. Askotan, alderdi politikoen krisiari buruz berba egiten da, baina honek sindikalismoan ere bere eragina dauka. Alde batetik, horiekiko legitimazio soziala nabarmen murriztu delako. Are gehiago, Estatu espainiarreko bi sindikatu nagusien autodeslegitimazioak eta penak euskal sindikalismoan eragin zuzena izan dute. Oso zabalduta dauden esaldi hutsalen eragina ezin ukatu: «Denak berdinak dira». Zuzenean sindikatuak jendartearen iruditerian eliteekin kokatzen dituzte, eta haien eragiteko gaitasuna oztopatzen dute.

Sindikalismoa oso errotuta badago ere, ez du esan nahi per secula seculorum egongo denik. Owen Jonesek, “Chavs: The Demonization of the Working Class” liburuan, oso ondo azaltzen du Thatcherren gidaritzapean nola lortu zuten Erresuma Batuko antolakuntza sindikal indartsua makurraraztea. Gainera, modernitate industrialetik postmodernitatera salto egindakoan, sindikalismoak jendarteko hainbat sektore antolatzeko ezintasun nabarmena izan du. Hau da, jendarteko hainbat sektore marko sindikaletatik oso urrun daude. Argi dago sindikalismoa horietara egokitzeko ahaleginetan dagoela, aurrerapauso nabarmenak eman dituela, baina ezintasunak asko dira.

Horretaz gain, aspaldidanik, 78ko erregimen autonomikoaren markoa agortuta dagoela eta burujabetza beharrezkoa dela gehiengoen bizi baldintzak hobetzeko aipatzen bada ere, sintesia formulatzeko arazoak edo konplexuak ditugu. 78ko erregimen autonomikoa gainditu beharra dago, ezinezkoa delako bertan burujabetza soziala gauzatzea. Burujabetzak egunerokotasunean eraikitzen badira ere, 78ko erregimena gainditzea ezinbesteko baldintza da, bestela oximoron baten aurrean geundeke.

Hortaz, gehiengo sindikalak konplexurik gabe Euskal Errepubliken beharra aldarrikatzen hasi beharko du, ez ikuspegi identitario eta folklorikoan, baizik eta jendartean behar materialak hobetzeko bide gisa. Ahaztu Pantxoa eta Peioaren “Bagare”, guztiok ez gara anai-arrebak. Euskal errepublikak euskal distopiaren kudeatzaileen oldarraldiari aurre egiteko sindikalismoak behar duen borroka-mikroklima sorraraz dezake eta euskal gehiengo sindikalak asko dauka esateko. Nola?