Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Hurrengo misioa: Eguberri soldadua salbatzea!

Udara salbatu behar zen, oroituko duzuenez. Funtsezkoa zen uztaila eta abuztua hainbat neurririk gabe ematea, eta, esanguratsuki, Sanchez espainiar gobernuburuak argi aldarrikatu zuen udararako beste egoera bat etorriko zela. Borondate performatiboa nabarmena zen agindu horretan: «gertatzen dena gertatuta ere, beste egoera bat ezarriko dugu, neurriak altxatuko ditugulako».

Negozioak, turismoarekiko mendekotasuna eta aurreko hilabeteetan bildutako zapuztea eta haserrea askatzeko beharra korapilatzen ziren erabaki hartan. Eta, gauzak horrela, arduradun bilakatu nahi izan gintuzten, ondorioen erantzukizuna denon gainean jarriz. Bien bitartean, agintarien aldetik, egiturazko neurri gutxi, autokritikarik ez, are gutxiago epe luzeko begiradarik. 2008ko krisiaren inguruko dispositibo diskurtsiboa prest zuten berriro erabiltzeko: zuen aukeretatik gain bizi izan zarete, arriskuaren gaineko oporrak izan dituzue... Bi kasuetan, ardura egiturazko joera eta hautuetatik erabaki pertsonaletara pasatzen da. Logika neoliberal hutsa: nor bere bizitzaren “enpresaria-enprendedorea” baldin bada, bigarren olatuaren etorrera kalkulu eta portaera pertsonal ezegokien isla da.

Nago halako zerbait gertatzen ahal dela Eguberriekin ere. Egungo datuek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte, baina euforia eta arduragabekeriarako oinarririk ez da inon atzematen. Datozen egunetako kutsadura aukeren biderketak ondorioak izanen ditu, horretaz ez dago zalantzarik, baina batzuek jada prest dute herritarrok errudun jotzeko makineria. Ryan soldaduaren ordez, misio honetan Eguberria da oztopo guzien gainetik salbatu behar dena. Goitik behera bultzatu den taupada dugu, baina sinetsaraziko dizute zeu izan zarela erabakia hartu duena. Zeuk bilakatu duzula obsesio Eguberri soldadua salbatzea, eta, edonola ere, konplize zarela, zeuk ere ardo bat hartu duzulako terraza batean, edo zure familiarekin elkartu zarelako.