Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua
GAURKOA

Feminismoa eta hitzen ondoeza

Hitzen ondoezaz hitz egin zuen duela hogei urte baino gehiago Sarrik. Eta nago egun hitzek ondoez handiegia sortzen dutela gure mundu txikietan. Eta hainbesteko ondoeza sortzen dute, ezen pertsonon naturalitatea bera ezbaian jartzeraino iritsi garen. Ia-ia «kaixo» eta «agur» bihurtu zaizkigu hitz seguru bakarrak. Hortik aurrera batzuk edo besteak mindu edo iraindu daitezke. Arriskurik gabeko hitzen zerrenda onartua du jada moralismo ezkertiarraren Tzaindiak eta zerrenda horretatik aurrera dena da labainkorra.

Berdin du, gainera, zein den norberaren praktika; hitz edo aipu batek bizi eredugarri oso bat zakarretara bota dezake barkaezintasunaren langa pasa delako eta edonork lezio har diezazuke eta errieta egin zure hitzen desegokitasunaz. Maiz errietatzaileak hitzen eta kontzeptuen mundu katramilatsuko butakatik errealitatea kristalaren beste aldean ikusiko badu ere. Kontraesanik eta bihurgunerik gabeko mundu perfektua eraiki baitaiteke hiztegi berri baten bueltan. Eta hain da zorrotza eta inplakablea epaia, ezen intentziorik onenak ere ezin baitu hitz edo aipu baten “desegokitasunaren” zalaparta isildu.

Dekonstrukzio edo deseraikitzea, diskurtso eta hitzen atzean dauden esanahiak kontestuan jarri, kontraesanak bilatu eta diskurtso eta hiztegi egokiagoak sortzeko mundu akademikotik egindako ekarpen baliotsua, muturreraino eramaten ari ez ote garen kezka darabilt bueltaka azkenaldian. Hiztegia hegemoniko bihurtzea lortu bada ere, eraginkortasunean pausoak ematearen puntuaketan ez gabiltza hain ondo.

Azaroaren 25aren bueltan sortu diren zalapartek eraman naute gogoeta hauetara: Feminismoa mugimendu hegemoniko bat eta bakarra bailitzan (Noiztik munduan –Maradonarekin nabarmen geratu den lez– eta noiztik Euskal Herrian?), dekonstrukzio terminologikoaren bueltan egindako kritikek, hain zuzen ere, betikoak pin more bat soinean jarrita lasai askoan ibili diren bitartean.

EH Bilduk (zeina politika publikoetan eragin nahi duen mugimendu politiko bat den eta ez da ñabardura makala) egun horren harira ateratako kartelean emakumeak babesteko lemak katramila pixka bat sortu du. Posible da eslogan edo kartel batek atzean daukan esanahia ondo ez adieraztea. Aitzitik, posible da ere kartela edo eslogana ikusten duenak egilearen araberako aurreiritziak izatea edo eslogan alternatiboak lehenestea eta horiekin zerikusia ez duen oro kontrakotzat jotzea. Zeren, zintzoki, eslogan batzuk tesi politiko bilakatu dira eta eslogan bati tesi politikoaren kategoria ematea errore galanta da.

Emakumeak babestu» kontzeptuak ondoeza eragin du hainbat zirkulutan. Emakumeok gure artean babestu behar omen dugu, inoren babesik behar gabe. Orain arte jendea babesteaz eta gazteak edo adinekoak babesteaz hitz egin da. Baina emakumeak ez dira babestu behar, autodefentsa feminista da bidea, bat eta bakarra.

«Babestu» kontzeptua txarra ei da, antza. Desahaldundu egiten du. Berez kontzeptu ona denak, beraz, ezin du esanahi on bat izan, tesi bilakatu dugun esloganarekin erabat kontraesankorra delako. Jendea babestu bai, haurrak babestu ere bai. Emakumeak babestu ez. Ezin sinistuta omen dago norbait, hori eskatzeagatik. Eta ni ezin sinistuta, horrelakoak irakurtzeagatik.

Feministometroan behe mailan kokatzeko arriskua asumituz, abokatu naizen aldetik ezagutzen ditudan bi adibide jarriko ditut. Neska gazte bati bere bikotekide ohiak egiten dizkion mehatxuen aurrean epaitegitan babes- aginduak eskatzen ditugun abokatu feministak ugari gara. Besterik da babes-agindu hori nola exekutatu beharko litzatekeen. Baina inolaz ere onartu ezin daitekeena da emakume hau babesgabe uztea. Polizia beharko da (bai, polizia) eta justizia sistema feminista bat, botere publikoek eman behar duten babesa bermatzeko. Neska gazte honen bizitza eta integritate fisikoa bermatzeko.

Bigarrena, paperik gabe, egunero 23 orduz adineko bat zaintzen dagoen emakume etorkin bat da. Ez paperik, ezta kontraturik ere. Linbo batean dago, esklabotza egoeran, babesgabe, zaurgarritasun egoeran, estatuak jakinik emakume honek betetzen duen funtzio soziala ezinbestekoa dela. Bizitza duina bizitzeko babesa behar du eta babesa baldintza materialak lortzean datza. Abokatu moduan, emakume etorkinei paperak egiten laguntzea bilakatzen da gerra feministarik handiena. Paperak, lan kontratua eta gizarte segurantzak eskaintzen duen babesa lortzeko, soldata duinak izateko; paperak, etxe bat alokatu eta seme-alabak ekartzeko; paperak, bikote matxistarengandik dibortziatu ahal izateko...

Zeren baldintza materialen aldeko borrokan ibiltzera derrigortuta dagoen horri zer ahalduntze eska dakioke? Harrituta nauka zer erraza egiten zaion hainbat emakume txuri ondo posizionaturi autodefentsa feministaren aldarrikapen soil batekin bentilatzea emakumeok pairatzen ditugun biolentzia matxistaren alderdi asko. Feminismo erradikala, generoaz gain arraza, klasea, nazio identitatea edota sexu aukerez ikuspegi holistikoan oinarrituz, guztion bizi baldintza material, sozial eta politikoak bermatzera bideratu behar den ikuspegi gisa ulertzen dut nik.

Autodefentsa feministaren aldarrikapena egin eta emakumeak babesteko exijentzia errefusatzea anarkismoaren defentsa sutsua da. Ni ez naiz anarkista eta bizitzako beste alor guztietan estatu eta botere publiko sendo eta babesle bat galdatzen dudan lez, emakumeontzat ere halaxe aldarrikatzen dut. Autodefentsa feminista inportantea da, oso garrantzitsua emakumeok ahalduntzeko, gerra ideologikorako. Baina botere publikoei euren erantzukizunak asumitzera behartzea ezinbestekoa da. Eta biak ala biak osagarriak dira.

Agian, deseraikitako hitzek sortzen duten ondoezari aurre egiteko kontzeptuak berriro eraiki behar ditugu, txorroskiloarekin punta ateratze konpultsiboaren ondorioz arkatza erabat kamustu baino lehen. Helburu nagusia ez baita hiztegi perfektua iraunaraztea, aldaketa errealak atxikitzea baizik.