Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
EKAITZ MENDIZABAL LETE «GOIXERRI II.A»
ZESTA-PUNTAKO PILOTARIA

«Txapelketako bi errebote onenak azken bi tantoetan bota nituen»

Mutrikuarrek txikitatik ikusi dute frontoian, bere betaurreko eta kasko eta guzti. Ekaitz Mendizabalek (Mutriku, 2000) bere lehenengo txapela irabazi du AEBetan 21 urte bete berritan. Irabazteak ekarri diona ezin azalduta aurkitu dugu, baina Goixerritarren etxean pilota «barnera arte» sartuta dagoela argi utzi digu.

«Bera izugarrizko pozarekin sumatzean guk ere sekulako poza sentitu genuen. Etxekoak, nire ahizpa, aitona... guzti-guztiok konektatu ginen goizeko lauretan», kontatu dio GARAri Ekaitz Mendizabalen amak, Itziar Letek, berriki Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente hautatu dutena. «Gure etxean pilotaz hitz egiten orduak jarduten ditugu, Jon [Mendizibal, Goixerri]) ez da inoiz aspertzen», onartu du. Duela oso gutxi, Aratz seme gazteenak ere debuta egin du Miamin.

Ekaitz Mendizabal oporretan aurkitu dugu, Daniako Jai Alai Fall Challenge irabazi ostean (bertako txapelketa nagusia), finalean Ithurria eta Yeche zuberotarrei 15-13 gailenduta. Aitaren bideari jarraiki, Goixerri II.ak 2019an egin zuen debuta AEBetan eta, bertan bi urte bete aurretik, lehen txapela jantzi du. Koronabirusak eragindako egoerarekin kezkatuta zegoen; etxera itzuli zen baina udazkenean berriro ere egin zuen bertara, nazionalitate estatubatuarra izanik AEBetara joateko zuen aukera baliatuta. «Zortea» behin baino gehiagotan aipatu badu ere, finalerdietan faboritoak ziren Erik Mendizabal herrikidea eta Ladutxe kanporatu eta finalean erabakigarria izan zen. 

 Azken bi tanto erabakigarriak zureak izan ziren.

Bai, tira. Hain justu, txapelketa osoan bota ditudan bi errebote onenak bota nituen eta, zortez, gure alde jausi ziren tantoak. Eurak ezin izan ziren ondo kolokatu errebote horiek jasotzeko.

Finalerdietan ere zortea aipatu duzu. Erik Mendizabal herrikidearen aurka lehiatu zinen. Berezia izango zen.

Niretzat, behintzat, bai. Presiorik gabe joan ginen, urte hauetan guztietan Erikek erakutsi duena ez baitu inork erakutsi. Eta nik beti jokatzen dut gustura bere aurka, beti ikusi izan dudalako pantailaren atzean. Iaz finalerdietan galdu nuen 15-13, eta aurten irabaztea lortu dut. Esan dezaket Eriki irabazi diodala.

Nola bizi izan zen finala emozio aldetik?

Tentsio handiko finala izan zen. Final-laurdenak eta finalerdiak disfrutatu egin nituen; finala, ez. Laurok egon ginen tentsioz beterik, ez genuen lortu askatzea. Azkenean, irabazi egin genuen eta sekulako poza sentitu nuen. 21 urte ditut, AEBetan irabazten dudan lehenengo txapelketa da eta niretzat esanahi handia dauka.

 AEBetan jokatzea jada txikitako ametsa betetzea izan zen. Finala irabaztea zer da jada ametsa beteta daukazunean?

Ba pentsa, beste urrats bat! Hona ailegatu nintzenetik ikasten joan naiz, hobetzen eta pixkanaka gorantz egiten, baita jokoan ere. Bi urte hauetan ikasi dudana erakusteko aukera eduki dut, batez ere txapelketa honetan, eta espero dut honek gauza hobeak ekartzea. 

 Apirilean kezkatuta zeunden covid-19a dela eta, kasinoak itxi egin zirelako. Orain nola dago Daniako frontoia?

Ba, egia esan, jada nahiko normalizatu da egoera. Protokoloa jarri digute. Lehen kaiola moduko batean egoten ginen zortzi aurrelari eta atzelariak, bata bestearen alboan. Orain, aulki berezi batzuk ditugu distantzia mantentzeko, eta beti maskararekin egon behar dugu frontoira salto egin aurretik. Ondo moldatzen gara, ez dugu arazorik eduki. Kontua da ezin garela frontoian dutxatu, aldatuta etorri behar dugula... Ea hurrengo urtera begira uzten diguten bertan dutxatzen. 

 Duela ia bi urte egin zenuen debuta Floridan. Pozik zaude?

Bai, hasieran kosta egiten da, ze bizimodua bera ere oso ezberdina da Euskal Herrikoarekin alderatuta. Kostatu egin zitzaidan hasierako bost hilabeteetan, gero hobetzen joan nintzen eta iazko Fall Challengen ondo aritu nintzen; aurten jada ikusi dut hobekuntza nabaria eta txapelketa honetan esplotatu egin dut.

 Egokitze fase horretan orain zure anaia Aratz dago. Miamira joan da duela hilabete.

Bai, hiru hilabete jokatzera etorri da. Ni ere hemen nago eta badauka babesa, ezagunak ere badaude eta nik uste dut ondo moldatuko dela.

Esan daiteke Goixerritarren patua AEBetan zesta-puntan jokatzea dela?

Pilota ume-umetatik bizi izan dugu. Bost urte genituela aitaren partiduak ikustera joaten ginen eta beti barneratu dugu etxean zesta-punta. Bion ametsa zen hona etortzea eta ea urte askoan segitzen dugun.

 Zure helburua da urte askoan bertan jarraitzea?

Bai, betiere baldintzak egokiak baldin badira. Hemen gustura nago eta asko gustatuko litzaidake denbora luzez jarraitzea. Ez diot hemen bizitza bat eraikitzea, pilota bukatzen den momentuan Mutrikura itzuliko bainaiz, baina bien bitartean hemen jarraitzea gustatuko litzaidake. Hori argi daukat.

 Baldintzak aipatu dituzu. Orain bertan onak dira?

Orain akordio berri bat negoziatu dugu. Koronabirusaren erruz ez ditugu lortu aurreko urteetan eduki ditugun baldintza berdinak, baina tira. Lortu dugu bi urte eta hiru hilabeteko hitzarmena eta behintzat jokatzeko berme bat da. 

 Eta gurasoek, zer esan dizute txapelketa irabazi ostean?

Gurasoak zein familia osoa goizeko lauretan partidua ikusten egon ziren eta amaitzean mugikorra hartu nuenean mezu pila bat nituen. Final aurretik gurasoekin hitz egin nuen eta esan zidaten nola jokatu gutxi gorabehera, nik ere ideia bat baneukan. Nolanahi ere, gertatzen da neurketetara joaten zarela ideia batekin baina partiduan zehar gauzak aldatzera behartuta sentitzen zarela; konturatzen zara beste era batera jokatu behar duzula edota beste pilota batekin. Dena den, aitaren aholkuak beti dira onak eta beti hartu behar dira kontuan.

 Finalean, galtzen joatean, planteatu zenuten estiloz aldatzea?

6-4 edo galtzen gindoazenean, beraiek pilota biziarekin jokatzen ari ziren. Nik pilota motela aukeratu nuen, baina ez nintzen eroso sentitu. Sakea atera nuen eta tanto egin ziguten. Eurek hutsartea eskatu zuten eta zalantzan nengoen, motelarekin segi edota biziarekin jarraitu, eta bertan zegoen pilotari bati galdetu nion. Berak aholkatu zidan biziarekin hobeto ariko nintzela; errebotetik min gehiago egiteko, jokoan gehiago sartzeko. Asmatu egin genuen. Ez daukagu botilerorik baina lagun hori erdi botilero lanetan ari zen, adi [barrez].

 Abuztuan Jai Alai Masters Series txapelketa jokatu zenuen Mutrikun. Giroa jarri zenuten herriko frontoian. Galdu egin zenuen, baina zer sentitu zenuen sarrerak agortuta zeudela ikustean eta Miruaitzen giroa bero zegoela sumatzean?

Sekulakoa izan zen. Finalerdietan ere sarrera guztiak agortu egin ziren. Finala bariku batean jokatu zen eta astelehenerako sarrera guztiak salduta ziren. Beste motibazio batekin joaten zara jakinda jendeak erantzungo duela, zu ikusteko gogoz dagoela. Gainera, Mutrikuko frontoia txikia da, kontrakantxa txikia dauka, harmaila oso gainean dago, jendea gainean dagoela sentitzen duzu. Motibatu egiten nau. Galdu egin genuen baina oso gustura jokatu nuen eta ea errepikatzen den.

 Mutrikuko Miruaitz edo Daniako frontoia?

Nire dohainetarako uste dut hobea dela Daniakoa [barre txikia]. Egunero hemen aritzen naizenez, gustua hartu diot. Hori bai, Mutrikukoa beti izango da berezia umea nintzenetik bertan ibili naizelako. Txapelketa asko jokatu ditut bertan.

 

Itziar Lete, pilotaren lehen lerroan

Mutrikuko Mendizabal-Lete sendiaren etxean pilota barneraino sartuta dagoen erakusgarri da Itziar Lete Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakari bilakatu berri dela. Federazioak duen lehen emakume lehendakaria da. Lehendakariorde izan ostean hartu du postua «elkarlanean sinesten» duelako, aurreko legealdiko «konfiantzazko» lau lagunekin eta «ilusioz» sartu diren beste laurekin. «Pilota nahiko egora konplikatuan» dagoela-eta, beheranzko joera gelditu eta elkarte guztientzako baliabideak eskura jarri nahi dituzte, «Federazioa elkarteena baita». Lakuarekin eta beste federazio eta elkarteekin plan estrategiko bat osatu, pilota egokitua eta emakumezkoena sustatzen jarraitu, zesta-punta bultzatu eta, oro har, egoera kaskarrean dauden modalitateak hauspotzeko erronka dauka.A.U.A.