Judit Gonzalez Bujan
Laudioko Mugimendu Feminista
KOLABORAZIOA

Oztopoen gainetik, Laudion feminismoa egiten jarraituko dugu

Oparoa izan da orain artean Laudioko Mugimendu Feministak egindako bidea. Mugarri izan dira azken urteetan Martxoaren 8a, jaien testuinguruan aktibatutako eraso matxisten aurkako protokoloak, herrian izandako erasoak salatzeko ekimen publikoak eta aurtengo azaroaren 25a, besteak beste. Mugimendu Feministari eta parte hartu dugun emakume zein gorputz disidente guztioi esker atera dira aurrera ekimen hauek eta beste asko. Behetik, lan militantez, boluntarioz, eta gure arteko elkarlan eta zaintzaren bitartez indartu da mugimendua.

Instituzioek egiten duten lanez gain, jasaten ditugun erasoei erantzuteko mugimendu indartsu eta parte hartzaile baten beharra dago. Biak ala biak direlako beharrezko eta aldi berean osagarri, administrazioak eta mugimendua, paper ezberdina betetzen baitugu borroka feministan. Zentzu horretan, beti egon gara prest Udaletik proposatutako ekimenetan alea jartzeko, eta borroka feministaren eta parekidetasunaren alde bultza egiteko. Aldiz, ez dirudi Laudioko Udalak prestasun bera duenik Mugimendu Feministarekiko.

Administrazio publikoaren ardura beharko luke Mugimendu Feministaren lana aitortu eta baliabideak eskaintzeak; hala ere, etengabe ukatu zaigu eragile gisa lokal bat edukitzea. Mugimendu Feminista eta Udal gobernuaren azkeneko hartu-emanean, «gure lana beharrezkoa ez dela» esan zitzaigun, «instituzioek gaitasuna baitute jada emakumeon* behar guztiak asetzeko zein herri feminista bermatzeko». Jakina da gaurko zerbitzu publikoak ez direla nahikoa jasaten ditugun indarkeria guztiei aurre egiteko. Nahiz eta berdintasun sailak bere lana egin, honek ez du ez tresna ez baliabide nahikorik benetako parekidetasuna bermatzeko gure herrian.

Laudioko Mugimendu Feministak bi urte daramatza espazio bat eskatzen. Ezinbestekoa zaigu gune bat izatea gure arteko koordinaziorako, bilerak izateko, ekimenak prestatzeko, baita ahalduntzerako ere. Gure eskaeraren aurrean zein izan da Laudioko Udalaren erantzuna? «Pazientzia izateko». Lehenengo, espazio bat utzi ahal izateko elkarte izan behar genuela esan ziguten, eta guk baldintza hori betetzeko moduak bilatu genituen. Gero, lokalik ez zegoela argudiatu ziguten, eta Udalak horien berrantolaketa egin behar zuela. Horren aurrean, libre zeuden lokalen inguruan informazioa lortu eta proposamen zehatzak jarri genituen mahai gainean, baita lokala partekatzeko prestasuna adierazi ere. Oraingoan, covid-19ari aurre egiteko protokolo egokirik eza izan da lokala uzteko ezintasuna justifikatzeko aitzakia.

Ulertzen dugu egoera berezia bizitzen ari garela, baina osasun krisitik harago, herritarrok gure bizitza eta eginkizunekin aurrera egiteko bidea aurkitu behar izan dugu, zaintza-lan karga gehigarri bati aurre eginez, gainera. Are gehiago, krisi honek emakume eta gorputz disidenteon egoera zaildu du, are zaurgarriago egin gaitu, eta honen aurrean erantzun bat zor zaigu, «pazientzia» eskatzetik harago doana.

Aitzakien, arazoen eta oztopoen aurrean irtenbideak bilatu ez izana ezin zaigu atxiki. Denari aurre egiten saiatu gara, baina Laudion espazio egonkorra behar dugu Mugimendu Feminista mamitzen jarraitzeko. Ulertu dugu, ordea, erantzuna: Laudioko Udalak ez du orain Mugimendu Feministari aurrera egiteko espazio bat errazteko asmorik.

Horregatik, berretsi egin nahi dugu gure indar eta konbikzioz jarraituko dugula borroka herritik, feministontzat eta feministon artean egiten.

Onartuko ez duguna, baina, Udal feminista dugula esatea da.