EDITORIALA
EDITORIALA

Brexitean eta politikan fase berri bat ireki da

Azkenean, epe guztiak hausteko zorian, Londreseko eta Bruselako ordezkariek Brexitari egonkortasun legala emango dion akordioa sinatu dute. Ursula von der Leyenek eta Boris Johnsonek akordioa win-win gisa aurkeztu dute, alegia, bi aldeentzat positiboa den paktu gisa. Alternatibak, urtarrilaren 1etik aurrerako akordiorik gabeko banaketak, ezegonkortasun izugarria adierazten zuen guztientzat. Une honetan ezin da jakin botere-harreman honetan, negoziazioen jokoan, zeinek irabazi duen. Izan ere, kontratu berria 2.000 orrialdez osatuta dago eta, espirituaz eta formez gain, edukiei buruz ezer gutxi egin da publiko.

Politika maite dutenentzat Britainia Handia Europar Batasunetik banatzeko prozesua interesgarria ari da izaten. Adibidez, geopolitikan, Joe Bidenen Administrazioaren eskutik, atlantismoaren irmotze bat egon daiteke. Europar Batasunaren aliantzei ere eragingo die horrek, eta hor Txina nola kokatzen den ikusi beharko da. Ekonomiaren ikuspuntutik, orain arte Londresko City ahaltsua europar finantzen nodo garrantzitsua zen. Kasinotik eta paradisu fiskaletik asko duen City-a zer bihurtzen den ikusi beharko da. Baita Europan finantza-nodoa norantz mugitzen den ere. Bere gaitasunagatik, Alemania birkokatu beharko da, EBren barruan etengabe krisian dauden botere desorekak berriro aldatzera doaz-eta. Koronabirusaren ondorioz krisi ekonomiko sakona dator eta horri aurre egiteko bitartekoen sorkuntza eta banaketa mahai gainean daude.

Eskuineko eta ezkerreko blokeentzat ere irakaspenak badaude. Johnsonek egin duen pandemiaren kudeaketa tamalgarriak ondorioak izan beharko lituzke, baldin eta alternatiba bat balego. Sozialismo demokratikoak, bai Europan, baita mundu osoan ere, Jeremy Corbynek jasandako porrota ondo aztertu behar du. Besteak beste, subiranotasunaz, herritartasunaz eta internazionalismoaz gogoeta egin behar du. Eskoziaren independentziaren eta Irlandaren batasunaren aldeko mugimenduak indartuko dira orain. Hor, Herrien Europak plana behar du.