Aster Navas
Hizkuntza eta Literaturako irakaslea
KOLABORAZIOA

Ardi beltz baten gogoetak

Gorde iezadazue sekretua: nire ametsetan jendeak musukoa darama. Duela hilabete gutxi arte, aurpegia agerian zuten, baina azken asteotan segurtasun-tartea ere errespetatzen dute. Bai, nire gauetako biztanle batzuek ere (naturaltasun osoz, hori da kezkagarriena) ukondoz elkar agurtzen dute eta eskuak behin eta berriz hidrogelez garbitzen dituzte. Ez, ez dut psikologo bat beharko zer gertatzen den jakiteko: errealitateak eragiten digun presioak mundu kontziente eta inkontzientearen arteko iragazki mehea urratu du. Laburbilduz: birusak falta zitzaion azken lurraldea konkistatu du, bereganatu du, inbaditu du.

Baina ohetik atera gaitezen eta goazen harira: lerro hauen bitartez zuhaitzetatik urrundu nahi zaituztet, eta, komunikazio mailan, ikusten dudan basoa erakutsi nahi dizuet. Birusa ikuspuntu askotatik aztertu da baina, agian, ikuspegi linguistikoa ahaztu dugu:

–Gerra baten lehen biktima “egia” dela esan ohi da. Era berean, ikusitakoa ikusita, erratzeko beldurrik gabe esan genezake alarma egoera baten lehen baja indibidualtasuna dela. “Gu” da izenordain bakarra. Mezuak ez dira zuri edo niri zuzendutakoak; kolektibitateari zuzendutakoak dira. Larrialdi batean gobernuek ez dute beste aukerarik gu artalde bat bezala tratatzea baino: giltzapetu egiten gaituzte, ukuiluratu edo askatu egiten gaituzte, otsoa gogorarazten digute minutuero; erreguaren inertzia eta hozkatuak izateko beldurra dira mugitzen gaituztenak, guztiontzat onuragarriena den norabide jakin batera bultzatzen gaituztenak. Premiazko, ezinbesteko, estrategia da, ehunekoz eta zifrez hornitzen dena.

Komunikabideetan noizbehinka agertzen diren istorio pertsonalek gogo-aldarte kolektiboa sustatzeko baino ez dute balio. Diskurtso guztiak, publizitatekoak bereziki, hartzaile anitzeko eskema jarraituz eraiki dira: zeure burua zainduz denok zainduko gaituzu. Helburua kontestu kontrolaezin batetan legitimoa da, baina norbanakotasuna larriki zaurituta geratu da.

–Kontakizunaren garrantzia eta bereziki igorlearen rola. Nahikoa litzateke Fernando Simon edo Salvador Illaren prentsaurrekoak berrikustea ulertzeko ez dela hain garrantzitsua esan zutena, transmititzen saiatzen ziren sentsazioa baizik. Ez geunden ematen zizkiguten datuei beren keinuei, beren eskuen mugimenduei eta koreografiari bezain adi. Keinu neurtuko kontalariak izan dira, esatari orekatuak, artaldea baretzeko artzainak.

Helarazitako informazioaren bilakaera objektiboki aztertuta, sobera egongo lirateke epidemiologoaren dimisioa eskatzeko arrazoiak, baina denok dakigu bere benetako lana erruz bete duela: estanpida saihestea, sarrakioa ekiditea.

Zalantzarik gabe, hilabete gutxi barru, beste testuinguru batetan, oso bestelako tonu batekin mintzatuko gara covid-19ari buruz. Urte batzuk barru, gure bilobek koronabirusari buruz hitz egiten entzungo gaituzte, guk gure aitona-amonak «urte txarrei» buruz hitz egiten entzun ditugun asperdura berberaz.

Egia da Pfizerrek eta Modernak txertoa lortzeko epeak arindu dituztela, baina pazientzia galtzeko zorian nago: faltan botatzen dut neure burua.

Amets on izan!