GARA
TEHERAN

Iranek «nahastuta» Ukrainako hegazkina bota zueneko urteurrena

AEBek Iraken zuten base militar baten aurkako mendeku-erasoaren ostean, Irango Armadak 176 pertsona zeramatzan Ukrainako hegazkin zibila bota zuen. Urtebete geroago, auziak ez du aurrera egin.

Urtarrilaren 8ko goizean, Ukraine International Airlines (UIA) konpainiaren Boieing 737 hegazkinak lurra jo zuen Teherango aireportutik aireratu eta gutxira. Bertan zihoazen 176 bidaiariak hil ziren.

Goizaldean Irango Guardia Iraultzaileak Amerikako Estatu Batuek (AEB) Iraken okupatuta zuten base militar baten aurkako aire erasoa egin zuen.

Egun batzuk lehenago, Qasem Soleimani Al Quds brigaden komandantea erail zuten AEBek Bagdaden, aire eraso batean. Al Quds Guardia Iraultzailearen nazioarteko frontea da, eta berebiziko presentzia du Ekialde Hurbilean Iranen interesak defendatzeko lanean.

Teheranek istripuaren hipotesia zabaldu zuen lehen momentutik, nahiz eta hegazkina erori ez baizik bota egin zutela zioten zantzuak eta testigantzak gero eta nabariagoak ziren.

AEBen eraso baten beldur

Handik hiru egunera onartu egin zuen aire erasoen aurkako Guardia Iraultzailearen defentsak deskuiduan bota zuela hegazkina; AEBetako gurutzaldi-misil batekin nahastu omen zuen, Washingtonen kontraeraso baten beldur zelako.

Irango Hegazkintza Zibilaren Erakundeak defentsa sistemaren unitate bat «108 gradu desbideratuta» zegoela ondorioztatu zuen, eta hori zela-eta hegazkina mehatxu batekin nahastu zuela. Gainera, misilak jaurti zituen operadorearen eta koordinazio zentralaren arteko «komunikazio okerra» nabarmendu zuen.

Kaxa beltzak Estatu frantsesari helarazteko konpromisoa hartu zuen Irango Gobernuak, baina hilabete luzeen ostean bidali zituen ikerketarako baliotsuak ziren froga horiek Parisera.

Urtebete geroago, biktimen familiek eta milaka irandarrek sare sozialetara jo dute tristura eta haserrea plazaratzeko. Teherango agintarien mezuak, ordea, kontraesankorrak dira.

Ukrainako eta Kanadako gobernuak (Ipar Amerikan bizi ziren eta ikasten zuten irandarrak ziren biktima gehienak) oso kritiko agertu dira hasieratik Islamiar Errepublikaren kudeaketaren inguruan.

Tragedia gertatu eta hilabetera, Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu zuen Iranek lehen unetik zekiela misil batek bota zuela hegazkina, aire-kontrolatzaileek grabatu zutelako.

Kanadako Gobernuarekin batera, ziur dago Teheran kaxa beltzak dekodifikatzen saiatu zela aurkitu zituztenetik, eta horregatik ez zituztela inoren esku utzi nahi.

Irango presidenteak auzia behar den moduan epaituko dela ziurtatu du eta, «pertsona baten akatsa izan bazen ere, istripuaren hari-mutur guztiak aztertu eta errudun guztiak zigortuko» dituztela gaineratu du.

«Justizia egongo da», esan du, halaber, Mohamad Yavad Zarif Kanpo Arazoetarako ministroak.

Guardia Iraultzaileak AEBei leporatu die Soleimaniren hilketaren erantzukizun osoa. «Gertakari mikatz hura AEBek herrialdean egin zituzten ekintza terroristen baitan gertatu zen, Irango nazioaren aurka maltzurkeria erakutsiz».

Kanadak Iranen egiten ari diren ikerketaren «inpartzialtasun falta» eta «interesen talka» salatu du eta hegazkinaren suntsiketaren inguruan hainbat galderari erantzuteko eskatu die.

Izan ere, Iranek abenduaren amaieran eman zizkien ikerketaren emaitzak dagozkien gobernuei. Horiek bi hilabeteko epea dute aztertzeko eta iritzia emateko.

Familiak eta oposizioko irandarrak ere ez dira fio Irango Gobernuarekin eta justizia aldarrikatu dute urteurren honetan.

Teherango Azadi dorre enblematikoa argiztatuta agertu zen herenegun gauean eta 176 zenbakia proiektatu zuten fatxadan.

Azadi dorrea izan zen duela urtebete protesten eremu nagusia. Hegazkinaren suntsiketa Irango sistema teokratikoa salatzeko baliatzen saiatu zen oposizioa. Poliziak ez zion inondik inora utzi eta manifestazioak desegin zituen.