Mugak desagertzeko aldarrikapena Lizuniagako lepora eraman dute
Nafarroa eta Lapurdi lotzen dituen Lizuniagako lepoan mugak behin betiko desagertzea aldarrikatu zuten atzo arratsaldean Hego Lapurdiko eta Bortzirietako herritarrek. Joan den larunbatean Baigorri eta Erratzu lotzen dituen Izpegin egin zuten protestari lekukoa hartu zioten.
Atzoko mobilizazioarekin Lizuniagako pasabidearen irekiera aldarrikatzeaz gain militar nahiz polizia indarren presentzia gaitzesteko mezua ere zabaldu zuten.
“Herri bat gara. Mugarik ez”, “Indar okupatzaileak kanpora” eta “Herri bat gara. Independentzia” leloak zituzten pankartak zabaldu zituzten bertan bildu ziren herritarrek eta Lapurdi eta Nafarroa banatzen dituen mugan dagoen trafiko seinalean «Euskal Herria» dioen afixa itsatsi zuten. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta independentzia aldarrikatzen zuten banderak zeramatzaten.
Lizuniagako lepoa joan den urtarrilaren 14az geroztik dago itxita, ipar eta hego Euskal Herria lotzen dituzten beste zazpi pasabide bezalaxe. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak aste honetan bertan baieztatu duenez, pasabide horiek gutxienez otsailaren bukaera arte itxita jarraituko dute.
Hori gutxi balitz bezala, Jean Castex lehen ministroak iragarri zuenez, gaurtik Frantziak bere kanpo muga guztiak itxiko ditu. Europar Batasuneko herrialdeetatik etortzen direnek ezin izanen dute hexagonoan sartu, ezta frantziarrek Schengen eremuko herrialdeetara joan ere, oso arrazoi justifikaturik ez badute behintzat.
Bestalde, EBko beste estatuetatik heldutako herritarrek PCR proba beharko dute aurkeztu frantziar lurraldean sartzeko. Castexek azaldu zuenez mugaz gaindiko langileek ez dute desmartxa hori bete beharko.