Fito Rodriguez
Idazlea
KOLABORAZIOA

Torturaren «Zutoin Beltza»

Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak balio judizialik ez dauka, baina, halere, hori baino ez du bilatu hemen Poliziak euskaldunon kasuotan bederen. Hori dela eta, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hamaika aldiz kondenatu du Espainiako Estatua salatutako tortura-kasuak ez ikertzeagatik. Baina, aldiz, kontrako ebazpen gehien metatu dituen epailea Barne ministro dute gaur Espainiako Erresuman.

Gogoratu daiteke Michel Foucaultek torturari buruz zioena, ikerketa-metodo bat baino gehiago, epaileak akaso emango ez duen zigorraren aurrerakina dela, alegia. Susmagarria izate hutsak zigor bat merezi izatea ekar dezake, beraz. Baina, gainera, niretzat, tortura herri osoa zigortzeko sistema ere bada eta, halaber, menpekotasunaren funtsezko zutabe bat da! “Zutoin Beltza”! Hori salatzeko idatzi zuen Alfonso Sastre idazleak izen bereko testu dramatikoa. Torturaren aurkako borrokan ere bereziki nabarmendu zen Eva Forest idazlea eta, egun, torturaren kasu asko behar bezala dokumentaturik baldin badira, haren ekimenari esker da. Bere bikotekidea, bizitzan nahiz borrokan, izan zen Alfonso Sastrek Joxe Arregiren oroitzapenezko poema bat idatzi zuen Madrilen 1981eko otsailaren 13an (berrogei urte dagoeneko...), jasandako torturen ondorioz hil zen euskal herritarra gogoratuz. Honela zioen poemak:

«Ate batzuen atzean infernuak bizi dira./ Nork ez daki hori? Zoratuta gaude, akaso?/ Ate batzuen atzean, ahots lizun eta ilunez,/ puzkerraz, kolpeez eta guzti, ikaragarrizko algarez,/ Herioak hartzen gaituela badakigu./ Askotan sartu izaten da infernuan./ Batzuk ez dira handik atera./ Joseba Arregi, zu.../ Mundua amaitu da? Non nago ni?, eta nire anaiak?/ Edo non zaudete zuek, / hain barruan eta hain urrun?/ Zizurkilgo plaza badago oraindik?.../ Ez zaitut imajinatu nahi, Joseba;/ utzi lo egiten pixka bat, etzanda./ Nekatuta nago gaur, eta zu hilda zaude./ Zu hil zara gaur, eta ni oso nekatuta nago./ Zu oso nekatuta zaude eta ni hilda nago?/ Nire poetei eskua heltzen diet zuri eskua hartzeko,/ nire tristuraren esku ez geratzeko./ Eskua amorrua da.../ Joseba, orain, zer nahi duzu esatea? Oso gozoa da goiza gaur./ Atzo, ikusten ez dituzun lainoak izan genituen, eta zirimiria fereka izan zen./ Bihar zure bila joango naiz, ados?/ Inoiz ez zintudan ezagutu,/ baina orain zure itzala oso gertukoa sentitzen dut,/ eta berak ibiltzera animatzen nau...».

Torturak frogatzea oso zaila izaten da, baina Joxe Arregiren gorpuan azaldutako arrastoen berri izan genuen Juan Cruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoyk Zizurkilgo kanposantuan Joxe zena hilobitik atera zutelako eta ubelduren argazkiak egin zituztelako. Ekintza horri esker Joxe Arregiren heriotzak, Espainiako Barne Ministerioak zionaren kontra, naturaletik ez zuela ezer frogatzea posible izan zen.

Esan bezala, gertaera hartatik berrogei urte igaro badira ere, Zizurkilgo plaza hor dago, eta Hondarribikoa, eta Euskal Herriak borrokan segitzen du torturaren erabilera sistematikoa izan dela eta, oraindik ere, badela salatuz.

Asko gara torturatuak izan garenok eta jende asko elkartu ohi da tortura salatzeko bidean. Batzuk joan zaizkigu dagoeneko, Eva, Juan Cruz, Bixente, Joanmari... Beste batzuk bizirik gaude oraindik, Alfonso Sastrek, esaterako, otsailaren 20an 95 urte beteko ditu...eta borroka horretan segitzen dugu, nahiz eta torturatu gehienak ezagutu ez, Alfonsok Joxe Arregiren gainean idatzitakoa geure eginez, «ez ezagutu, baina orain zuen itzala oso gertukoa sentitzen dugu eta zuek ibiltzera animatzen gaituzue...».