«Larunbata eta berriro bidean»
«Larunbata ta berriro bidean, kamioiak pasa, kotxeak pasa...» zioen duela hogei urteko Ken Zazpiren kantak, eta haur motxiladun askoren errealitateak, berdin-berdina izaten jarraitzen du. 86 haur eta nerabe, errepideetan gora eta behera, zigor gehigarri bat baino ez den dispertsioa pairatuz. Errepideetan gora eta behera, beraien eskubidea dena gauzatu ahal izateko: aitarekin, amarekin edo biekin egotea.
Covid-19ak are gehiago zaildu du gure seme-alaben egunerokotasuna. Lehen bi, hiru... asko jota bost ordu hilabetean pasatzen zituzten gurasoekin, baina aurten pandemiak espetxeetako ateak itxi eta hilabete luzez gurasoak ikusi gabe egotera behartu ditu.
Luze egiten ari zaigu, luzeegi. Zergatik ez daude Euskal Herrian? Irati eta Izadi, espetxean bizi dira gurasoekin, Aranjuezen (Madrilen). Hilabete luzeak, kalean dagoen familiarekin harremanik izan gabe, kalera irten gabe. Iratik martxoaren 8an hiru urte beteko ditu, eta, horrela, bat-batean, berarekin 24 orduz bizi izan den ama utzi eta Euskal Herrira etorriko da bizitzera.
Banaketa traumatiko hori ekiditeko, badaude aukerak: pisu tutelatuak, zentro bereziak... baina euskal presoen seme-alabei, zigor erantsi hau ezartzen zaie. Zergatik ez daude Irati eta Izadiren gurasoak Euskal Herrian? Zergatik ez dago familia modulurik Euskal Herrian? Zergatik Murtzian eta ez Basaurin? Zergatik Sevillan eta ez Martutenen? Gurasoekin haztea ukatzen dien salbuespen legediarekin bukatzeko garaia da.
Guraso hauetako askok baldintzapean aske behar lukete, baimenekin parkean egongo lirateke... legedi arrunta aplikatuz gero, egoera bestelakoa litzateke. Motxilak betirako gorde eta patineteak martxan jartzeko ordua da! Irati gurasoekin Euskal Herrian nahi dugu eta gure haurrak aita/ama ikustera patinetez joatea nahi dugu. Hori lortu artean lanean jarraituko dugu, kalean eskubide hauek behin eta berriro aldarrikatuz.