EDITORIALA
EDITORIALA

Ez, jende guztiak ez luke egingo, inondik inora

Nicolas Sarkozy ustelkeriagatik eta influentzia-trafikoagatik hiru urteko espetxealdira kondenatu dute. Bere abokatuarekin, Thierry Herzogekin, eta Gilbert Azibert epaile gorenarekin batera, Sarkozy beste auzi bati buruzko informazioa lortzen ahalegindu zen. Ordainetan, Aziberti Monakon postu bat lortzeko konpromisoa hartu zuen lehendakari ohiak. 2012an presidente izateari utzi zionean gertatu zen eta Poliziak kondenatuen arteko elkarrizketak grabatu zituen. Auzi honengatik Sarkozy ez da kartzelara joango, ziur asko. Bere ibilbide judiziala hasi besterik ez da egin, ordea: bi aste barru, hain zuzen ere 2012ko hauteskunde kanpaina finantzatzeko Sarkozyk egindako irregulartasunak ikertuko dituen auzia abiatuko da. Edonola ere, kartzela-kondena bat jasotzen duen lehendabiziko frantziar lehendakaria da.

Agintari ohiek eta boteredunek legedia saihesteko duten joera arau bihurtu da. Urrutiago joan gabe, aurreko astean Juan Carlos Borboikoak atzerrira eraman zuen diruaren gaineko zergak legeztatzeko 4 milioi euro ordaindu zituen. Alderdi Popularraren ustelkeriaren auzian, Luis Barcenasek dakiena kontatuko duela zin egin du eta Mariano Rajoy eta ia zuzendaritza osoa inplikatu ditu, Jose Maria Aznar salbu. Urrutixeago, Donald Trump bere ekintzak zigorrik gabe geratzeko maniobratzen ikusi dugu. Adi, dena dela, maila hain altuetan, zigorgabetasuna da nagusi.

Hain dago hedatua ustelkeria eta klientelismoa, hainbat agintariren aldetik «gu, ez» diskurtsotik «finean denok igualak gara» diskurtsora igarotzeko tentazioa ikusten dela. Beren kaskarkeria estaltzeko, guztien maila jaistea da estrategia. «Aukera balu, edozeinek jarriko luke txertoa, bere txanda ez izan arren…», «guztiok ordainduko genuke gutxiago…», «mailarik ez eman arren konfiantzazko jendea hautatzea normala da…» ohiko formula bihurtzen ari dira. Eta ez da egia. Zintzotasuna eta eredugarritasuna ezkerraren balioak dira, eta horrela behar du.