Kontseiluak dio Madrilek ez dituela bete Europako Gutunaren gomendioak
Behatokiaren eta Kontseiluaren iritzia jaso ondoren, 2018. urtean argitaratu zituen Europako Kontseiluak Eurogutunaren bosgarren ebaluazioaren gomendioak, eta agerian geratu ziren Gobernu espainiarraren gabeziak. Hiru urte igaro eta gero, Eurogutunaren betetze-maila ebaluatzeko prozedura berria jarri da martxan, eta, kontrol gisa, Gobernu espainiarrari eskatu zaio Europako Kontseiluaren berehalako neurrien inguruko azalpenak eman ditzala. Halaxe egin du txosten baten bidez. Hori da Kontseiluak aztertu duena, eta hutsuneak ikusi ditu euskarari lotzen zaizkion bi gomendioak betetzeko neurrietan: justizian eta administrazioan.
Izan ere, euskarari lotutako berehala bete beharreko bi gomendio jaso zituen ebaluazioan Europako Kontseiluak: batetik, justizia araubidean legea aldatzea eskatu zuen, eta, bestetik, Estatuko administrazioaren zerbitzuetan hizkuntza gutxituen erabilera handitzeko gomendioa egin zuen.
Txostenak, aldiz, erakutsi du Gobernu espainiarrak ez duela ezer ere egin. «Lotsagarria» da hori Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarentzat. «Eskaera bat eta zehatza egin zioten Gobernuari Europatik: Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzeko. Justizian gazteleraz ez beste hizkuntzetan aritzeko oztopo nagusia da lege hori. Gobernuak, ordea, muzin egin, eta hizkuntzen erabilerari buruzko ikerketa egiten ari dela erantzun du. Horrek erakusten du ez duela inolako borondaterik herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko».
Estatuko administrazioari dagokionez, beste hainbeste gertatzen da. Kontseiluak bereziki jarri nahi izan du azpimarra kontratazio publikoetan, txostenak ez baitu auzia aipatzen.
Gainera, zerbitzu digitalei ere erreparatu zien Bilbaok: «Gaur egun, pandemiaren ondorioz, administrazio elektronikoa da herritarren eta administrazioaren arteko komunikazio bide erabiliena, eta eremu horretan ezer gutxi egin du Espainiako Gobernuak». Madrilen jarrera ikusita, uste du beharrezkoa dela hizkuntza gutxituen eragileen arteko elkarlana sustatzea.