Aitor AGIRREZABAL
ediNBURGO

«Akatsak» onartu ditu Sturgeonek eta dimisioa ekar lezakeen gezurra, ukatu

Alex Salmonden aurka eskoziar Gobernuak abiatu zuen ikerketan «akats larriak» izan zirela onartu zuen Nicola Sturgeon lehen ministroak. Prozesu horretan Ministerio Kodea hautsi izana ukatu zuen, aldiz. Ikerketa batzordeak datozen asteetan jakinaraziko du epaia.

Nicola Sturgeonek barkamena eskatu zuen Alex Salmonden aurka jarritako salaketetan eskoziar Gobernuak egindako «akats larriengatik»; izan ere, Gobernuaren bi langilek egindako salaketetatik absolbitu egin zuten lehen ministro ohia eta Gobernuak berak 550.000 libera ordaindu behar izan zizkion.

Baina gezurra esan izana ukatu egin du. Astearte gauean, Sturgeonen agerraldiaren aurretik, Salmondek kexak kudeatzeko sistemaren aurka egindako helegitea aurkeztu zuenean jasotako iritzi legalak islatzen dituzten dokumentuak argitaratzea onartu zuen Gobernuak.

Testu horiek iradokitzen dutenez, egungo buruzagi independentistak aurrera jarraitu zuen legezko prozedurarekin, nahiz eta abokatuek ohartarazi zioten arrakastarako aukera gutxi zituela. «Gobernuak azterketa judizialean arrakasta izateko zuen probabilitatea denborarekin okertu egin zen», argudiatu zuen atzo. Salmondek horri eusten dio, Sturgeonen Exekutiboak bere karrera politikoarekin amaitzeko jazarri zuela argudiatzeko, nahiz eta jakin auzitegiek seguruenik absolbitu egingo zutela. «Gezurtatu egin behar dut edonork maltzurkeriaz edo konplot baten parte gisa jokatu izanaren iradokizun zentzugabea», erantzun zuen.

Eskoziako Ministerio Kodearen arabera, ministroek «modu egokian aholkatuta egon behar dute, erabaki garrantzitsuetan dituzten erantzukizun legalak kontuan hartuta». Erregelamendu beraren arabera, ministroek bilerak erregistratzen ez badituzte, hala nola jakinaren gainean informazio okerra eman dutela frogatzen bada, dimisioa eman behar dute. Bi arau hauek hautsi izana leporatzen diote SNPko buruari.

Zentzu horretan, lehen ministroak bere aurrekoarekin bilera 2018ko apirilaren 2an egin zuela berretsi du eta horren aurretik ez zuela Salmonden aurkako salaketen berri. Bilera hau da Sturgeonek Gobernuaren agendan erregistratu ez zuena, alderdi bilera zela argudiatuz.

Ikerketa batzordeak eta ikerketa independenteak datozen asteetan jakinaraziko dute Eskoziako ministro nagusiak Ministerio Kode hori urratu ote zuen eta, horregatik, dimisioa eman beharko lukeen.

Bestetik, Salmondek jokabide horiek aitortu zizkiola adierazi zuen. «Epaimahaiak absolbitu zuen. Baina badakit, berak esana, bere jokabidea ez zela beti ona izan. Hala ere, sei orduko deklarazioan, ez zen damu hitz bakar bat egon», leporatu zion.