Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

GKEtik GBErako bidean

Loizun kobazulotik dator notizia, gizon hezurdura bat izan da erauzia, gizajoa nola hil zen horixe auzia, birusa izan ote ala izan CIA… Bada bai, atzera begira hamaika mila urtetik gorako pasadizoaz ari gara, jeltzaleak euskal lurretan hedatzen hasi baino lehenagokoa, kontuak atera! Amen! Pentsatu behar dut autopsia egingo diotela zerari, zerk hil zuen argitze aldera. Litekeena da ere Parlamentuan ikerketa batzordea abiatzea, antzinako gertaerak ikertzea horren zereginen barruan sartzen baita; ez, ostera, orain gutxikoena, badaezpada betiere. Amen, berriro!

Birus baten balizko aldaerak hil akaso? Ala bere tribuan zentsura mozio baten mehatxuak bihotza jota? Auskalo! Tira, autopsiaren harira. Nik neurean sikiera bertan egon gura dut, horixe delako herritar modura erabakietan esku hartzeko izango dudan azken aukera; eta lehenetarikoa ere bai! Bada, bertan!

Dena dela, bai ona espeleologoen lana! Zer ez ote duten horiek topatuko barrunbeetan! Ene, ene! Zabaldu beharko lukete lan esparrua. Intxaurrondoko sotoetakoak, alderdi politiko batzuen kloaka sarekoak, zabortegikoak. Betiere kaskoa buruan eta osasun distantziak mantenduta, prefosta! Hori bai, ezkutukoa argira atera, iraganeko pasadizoek gaurko arnasa har dezaten, inoren belaunak itoak ez izateko moduan.

Urtebetea birus hori gure bizimoduan sartu zenetik. Berak ere izango bide du eguna gogoan, sartu zen lekura sartzea espero ez zuelakoan, zelan ulertu, bestela, bere aldaerak? Urtebete, baina oraindik Lakuako Gobernua «beste goraldi» baten beldur! Ulertzekoa da, hain dago ohituta politika kontuetan beheraldiak kudeatzera, ezen goraldia datorrenean akabo! Eta EH Bilduk 10 urte! Parlamentu bietan gobernuz kanpoko erakundea dena gobernuz barruko erakundea izateko 10 urteko bidea, pragmatismo eraldatzailean…