Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ezker hori bizi-bizi baldin badabil...

Rezustaren txapelketako partidarik onenarekin, garaipen erosoa lortu dute Bergarakoak eta Aimarrek, eta play-offak ziurtatu dituzte.

OLAIZOLA-REZUSTA 22

ALTUNA-BIKUñA 6


Jose Javier Zabaletarekin batera, Beñat Rezusta izan da, ezbairik gabe, Binakakoko pilotari erregularrena. Berak eta etxarrendarrak jarritako erritmora banatu dira, gehien-gehienetan, txapelketa honetako txapelak, eta lehiaketa ia bi urteren buruan Donostiara itzuli zen honetan, argi geratu zen, beste behin ere, bergararraren ezkerra bizi-bizi agertzen denean, oso zaila dela hari aurre egitea. Uste baino garaipen erosoagoa eskuratu zuten Baikokoek misteriorik gabeko beste partida batean, eta halako hiru izan dira asteburuan.

Astelehenean oso lehia gogorra jokatu zuen arren, aspaldiko Rezusta freskoena ikusi genuen atzo Atanon, zalantza askorik gabe; aurtengo bere partidarik onena jokatu zuen gipuzkoarrak Donostiako pilotaleku historikoan eta gauzak ezinezko jarri zizkion etxean txapelketako lehen partida jokatu zuen Iñigo Bikuñari.

Atzoko garaipen sendoarekin Baikoko bikoteak eten egin zuen azkenaldiko bolada txarra; jokatutako azken bost partidetatik lau galduak zituzten, eta play- offetara sartzea ziurtatzeaz gain, etorkizunera begira esperantza berpiztu zuten, batez ere Rezusta atzoko jokoa errepikatzeko gai bada. Duen adinean, nekez egingo du jokoan gora Aimar Olaizolak; bikote honek, eraginkor izateko, atzokoa bezalako Rezusta behar du, eta bergararrak orain arte izan ez duen erregulartasuna lortuko balu, aurkari deserosoak izango dira edozein bikoterentzat.

Luze baino, azkar ibili zuen atzo pilota Beñat Rezustak, Iñigo Bikuñari jartzeko ia astirik eman gabe eta, batez ere, Jokin Altunari jokoan sartzeko aukerarik eman gabe. Logistika arazoren bategatik –pilotariei elastiko bakarra ematen omen diete eta berea topatu ezinik ibili omen zen–, kide baten kamiseta soinean zuela –izena esparatrapuz estalita– aritu behar izan zuen amezketarrak eta beste pilotari bat zirudien kantxaren gainean. Egia da apenas izan zuela jokoan sartzeko aukerarik, baina izan zituen apurretan ere, Aimar Olaizolak jotzerako igarri zizkion asmoak.

Goizuetakoak ez zuen agian emaitzak iradoki dezakeena bezalako partida distiratsurik jokatu, baina «akademiko» egon zen; defentsan zorrotz eta aurreko koadroetan nahastu gabe, bere aukeraren zain egoten asmatuz, bere atzelariak sortuko ziola erabat sinetsita.

Aukerarik gabe

Iñigo Bikuñaren inguruan ezin esan partida txar-txarrik jokatu zuenik, baina egia da ere apenas dagoela halako Beñat Rezustari kontra egiteko gaitasuna duen atzelaririk koadro osoan. Izan dituen bi aukeretan ere, Zumaian eta Donostian, batere zorterik ez du izan –Martijaren ordez aritu behar izan zuenean eskua minduta amaitu zuen–, baina halakoek ikasteko balio beharko lukete.

Eta panorama honekin, asteburuko joerari jarraipena eman zion Atano III.eko partidak. Hamaikagarren jardunaldiko hiru partidak batuta, galtzaileen artean 16 tanto baino ez dituzte batu. Atzo ere partida aitaren batean hautsi zen, Olaizola-Rezusta 13-1 aurreratu baitziren, eta gerora ere erreakzionatzeko aukerarik eta jokorik ez zuten izan Aspekoek.