Juan Karlos Izagirre eta Reyes Carrere
EH Bildu
KOLABORAZIOA

Donostiako akordioak balio dezala tortura ikertu, aitortu eta erreparatzeko

Joan den astean, EH Bilduren ekimenez, Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, Mikel Zabalzaren kasua berriz irekitzeko aukera aztertzea eskatzeko. Adierazpenak proposatzen du Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak eta Alberto Perote CESIDeko buruzagi koronelak ustez parte hartzen zuten elkarrizketa jasotzen duen grabazioaren edukia sakon azter dadila, Zabalzaren heriotzaren inguruko egia ezagutzeko.

Horrez gain, Donostiako Udalak guardiako epaitegiari eta Espainiako Fiskaltzari eskatu die azter dezatela Zabalzaren kasua berriro irekitzea. Zabalza Donostian bizi zen eta udaleko langilea zen; eta 1985eko abenduaren 6an, mozio bat onartu zuen Udalbatzak desagerpenaren larritasunak eraginda. Orduan, eskatu zuen Zabalza non zegoen argitzeko ikerketa egiteko, eta konpromisoa hartu zuen laguntzeko, besteak beste, herri akusazio gisa aurkeztuta. 2015eko azaroaren 26an, berriz, mozio hura berresteko konpromisoa hartu zuela udalak. Bada orain, udal talde politiko guztiek orduko konpromisoa berretsi dute.

Prentsan argitaratu diren grabazio horiek izan dira zenbait alderdiren adierazpenetarako akuilua. Grabazio horiek baieztatu dute euskal gizartearen gehiengoak bazekiena edota sumatzen zuena: Mikel Zabalza torturatuta erail zutela. Baina ez hori bakarrik: baita tortura sistematikoki erabili dela ere.

Tortura frankismo garaitik eta 1978ko Erregimenetik datorren sistemaren muinean egon da. Arkitektura juridiko, polizial eta politiko osoaren babespean gauzatu da. Torturatu, isildu, isilarazi. Bakoitzak bere funtzioa izan du, sufrimendua eragiteko aparatu baten barruan: poliziak, epaileak, politikariak, kazetariak... Argitara atera diren grabazioak entzunda, latza da sentitzea elkarrizketa horretan sumatzen den erabateko zigorgabetasuna. Poliziak eta Guardia Zibilak egindakoak izan du arkitektura juridiko jakin baten babesa, eta epaileek beraiek bermatu egin dute, hainbat politikarik eta komunikabidek estali edota babestu dutena.

Euskal gatazkan, alde batek onartu du egindako mina, eta aitortza eta erreparazioa eskatu ditu biktima guztientzat. Garrantzitsua da hori, nork bere aldetik jartzea, herri honetan elkarbizitza eta bake iraunkor eta justua lortzeko. EH Bilduk aitortza eta erreparazioa eskatzen ditu. Gertatutakoa argitzea, dagokionak bere ardurak aitortzea, eta erreparaziorako bideak irekitzea.

Posizioa hartu duen joera politiko bakoitzak bere arrazoiak izango ditu argitara atera diren informazio horiengatik hunkituta sentitzeko. Baina poztu gaitu Donostiako Udaleko alderdi politiko guztiek bat egin izanak. Eta espero dugu keinu hori izatea lehen pausoa tortura kasu guztiak ikertzeko, biktimak aitortzeko, eta erreparazioa martxan jartzeko. Beharrezkoa izango baita pausoak ematea, herri honetan gatazka bat izan dela eta bi aldeetatik mina eragin dela aitortzeko, alde guztietan biktimak izan direla eta erreparaziorako premia dagoela onartzeko.

Gure konpromisoa argia da horretarako, eta ordezkaritza dugun erakundeetan adostasunerako bideak urratzeaz gain, beste eremuetatik bultzatzen ari diren iniziatibak ere babestuko ditugu. Intxaurrondoko kuartela torturaren sinbolo nagusietako bat bilakatu da herri honetan. Bake bideak aurrera egiten duen seinale izango litzateke eraikin hori desjabetu eta behar sozialetarako proiektua bilakatuko balitz. Gogoeta baterako balio dezala.