Ezkurdia eta Ladis Galartza nabarmen nagusitu dira Adarragan
Pilotari beste abiadura bat eman diote eta ez dute arazorik izan Artola eta Arangurenen aurkako neurketa garrantzitsua irabazteko.

EZKURDIA-GALARTZA 22
ARTOLA-ARANGUREN 11
Ezkurdiak eta Ladis Galartzak garrantzi handiko puntua eskuratu zuten atzo, Logroñoko Adarraga pilotalekuan, Artola eta Aranguren 22-11 menderatu ostean. Aspeko bikoteak bosgarren garaipena lortu zuen eta bizi-bizirik jarraitzen du kanporaketan sartzeko bidean. Baikoko bikoa, aldiz, hiru garaipenekin geldituko da sailkapeneko zuloan eta gauzak oso zail jarri zaizkio bi jardunaldiren faltan –biak irabazita ere zain egon behar–.
Markagailuan soilik ez, jokoan ere nabarmen nagusitu ziren Ezkurdia eta Galartza. Pilotari beste abiadura bat sartu zioten biek, eta aurkariak behin eta berriro dantzan ipini eta etengabe defentsa lanean ibiltzera derrigortu zituzten. Arbizuko aurrelariak bikain baliatu zuen egoera bere tantoekin neurketa erabakitzeko: 12 tanto egin zituen jokoan eta beste hiru sakez, hiru pilota bakarrik galduta.
Aurreneko tantoak, ordea, ez ziren horrelakoak izan. Epailearen txapa urdin erori zen eta lehen sakea urdinentzat izan zen. Pilota motel bat atera zuten kantxara eta pilota horrekin aldeak ez ziren horrenbestekoak izan. Artola eta Aranguren eroso ikusten ziren eta berdinketak egon ziren: 2-2, 3-3 eta 4-4.
Datu kurioso bat ere bai: urdinak 0-2 aurreratu ziren Arangurenek txokotik zabalera egindako dejada eder batekin eta Artolak jotako gantxo bikain bati esker. Baina ia neurketaren amaierara arte horiexek izan ziren urdinek jokoan egindako tanto bakarrak.
Izan ere, gorriek beraien pilota biziagoa atera bezain laster egoera erabat aldatu zen. Pilota asko atzeratuz Aitor Aranguren lan zailetan ipini zuten etengabe, eta Ezkurdiak tantoak askoz errazago amaitu zituen distira handiagoko pilota horrekin.
Urdinak 9-6kora arte egon ziren partidan sartuta, Galartzak eramateko sake bat beheko koltxoira bota zuen unea horixe, baina hurrengo partziala zazpi tantokoa izan zen eta gorriak 16-6 joan ziren markagailuan, neurketa erabat apurtuz.
«Bazen garaia», aipatu zuen Joseba Ezkurdiak partida amaieran. «Hasieratik oso ongi jokatu dugu, argi geneukan bikote bezala zer egin behar genuen gaur: partidari erritmoa sartu, abiadura eman, eta beraiei eroso jokatzen ez utzi. Uste dut oso ongi egin dugula eta oso pozik noa gaur etxera», gaineratu zuen.
Sailkapenari begiratuz, Ezkurdiak esan zuen seguru asko azken jardunaldian Urrutikoetxea eta Imazen aurka jokatu beharreko dema irabaztea nahikoa izango dela kanporaketan sartzeko, nahiz eta lehenik Olaizola eta Rezustaren aurka jokatu behar duten. «Irabazten badugu, Olaizola eta Rezusta harrapatuko ditugu, baina gakoa azken partidan egon daiteke».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
