EDITORIALA
EDITORIALA

Korrika 22aren esperoan, euskara ibilaraztea erronka

Pandemiak galbidera eraman dituen ekimenen zerrenda amaigabea litzateke, baina hutsune nabarmenetakoa da Korrikarena da. Zirraragarria da pentsatzea: pertsonen arteko distantzia nagusitzen den honetan jende andana pozaren pozez elkartuta egongo zen, besarkadetarako aukerarik ez denean kilometro bakoitzean lekukoa maitasunez pasako zen eskuz esku, bizitza iluntzean etxean gordetzen den honetan gau eta egun etengabeko festa eragingo zuen Korrikak, euskal lurraldea mugez josia denean Euskal Herri osoa elkartuko zuen. Segurua da aldi berean, honengatik guztiagatik, indarberriturik itzuliko dela, 22. edizioa kristorena izango dela. Hementxe data: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10a arte.

Eta, hala ere, festarena ez dela osagai bakarra oroitarazi digu Korrika-ez honek. Edizio bakoitzak euskalduntze prozesuari ekarri ohi dion jendarteko suspertzea atzeratu daiteke denboran, baina bultzada ekonomikoa nekez motelduko da. Bere ikas jarduera osasun beharretara moldatzea lortu du AEK-k aurten, baina aurrekontuetan eragin nabaria izango du Korrikaren atzeratzeak. 1980. urtean euskaltegiak honela finantzatzeko beharra ageri bazen, 41 urte beranduago oraindik ere laguntza ezinbestekoa da.

Bestalde, euskalgintzari eragingo dio –zeri ez– pandemiaren errealitate berriak. Lehentasun berriak ezartzeaz gain, euskaltegietako zenbait jarduera aldarazi ditu, irakaskuntza presentzialaren etenak euskararen gainean eragin berezia izan dezake, digitalizazioaren azkartzeak kalte ekar diezaioke. Erakundeentzako erronka badakar honek, bai eta euskalgintza bultzatu behar duten euskaldunentzat ere. Korrika 22aren esperoan garela, Korrika 21eko Maialen Lujanbioren bukaerako mezuak indar eta zentzu eraberritua hartzen du gaur: «Klika, instalatu eta aplika. Euskara ez da euskararen gauzetarako aplikazioa. Euskarak behar du herri honen sistema eragilean (...) Euskarak dena du aurka, eta horrexegatik dena du mauka».