EDITORIALA

Euskaltel: nola ikusi begi onez galera nabarmena?

Euskaltelekin gertatutakoaren larritasuna ulertzeko, garrantzitsua da enpresaren genealogia gogoratzea. 1995ean sortu zen, ekimen (eta diru) publikoak bultzatuta: Lakuak jarri zuen %40 eta EAEko hiru aurrezki kutxek, %20na. Mende laurden igaro ondoren, MasMovil enpresa pribatuak Euskaltelen %100a erosteko eskaintza egin du, pribatizazio prozesu luzea azken urratsera eramanez. Bidean, Lakuak saldu zuen lehenik bere parte hartzea, krisiari aurre egiteko aitzakiarekin; Kutxabanken bidez banku bihurtutako aurrezki kutxek, halaber, gero eta akzio gutxiago mantenduz erabateko pribatizazioari ateak ireki zizkioten.

MasMovilek Euskaltelen errotzea luzaro mantenduko duela pentsatzea inozokeria da; ez dago bermerik. Eskaintza, beraz, ez da berri ona, eta oso zaila da Lakuak «begi onez» zergatik ikusten duen ulertzea. Agian, beranduegi delako atzera egiteko, eta hori esatea delako egindakoak justifikatzeko modu bakarra. Alternatibak eta aukerak izan bazirelako. Bilboko Merkataritza Ganberako presidente eta Euskalteleko kontseilari ohi Angel Corresek azaldu zuen atzo argiki: «EAEko Gobernuak operazio hau saihestu zezakeen; beste gauza bat da nahi izan duen». Alegia, ez du nahi izan. Lanpostuen eta sektore estrategikoen garrantziaren inguruko erretolika ezerezean geratzen da Euskal Herrian errotutako enpresa bat saltzen den bakoitzean, eta ez dira gutxi izan azken urteetan.

Neoliberalismo basatiak nola funtzionatzen duen ezaguna da dagoeneko: ekimen publikoari esker sortutako enpresa osasuntsuak pribatizatzeko prest dago beti, eta gauzak oker dabiltzanean, teorikoki arbuiatzen duen esku hartze publikoa exijitzen du, pandemia garaian ikusi den bezala. Hori horrela izanda, Lakuaren jarrera tamalgarriak azalpen bikoitza eskatzen du. Zergatik ikusi begi onez lurralde atxikimendua arriskuan jartzen duen enpresa estrategiko baten salmenta? Alternatiba garbia eta erraza bazen, zergatik ez dute deus egin galera hau ekiditeko?