Idoia ERASO

Korsikarrak, beren lehenengo bi «ikastolak» sortzeko bidean

Estatu frantseseko beste toki batzuetan ez bezala, Korsikan ez dago derrigorrezko hezkuntza bertako hizkuntzan jasotzeko Seaskako ikastolena bezalako murgiltze eredurik. Hori dela eta, Scola Corsa elkarteak bide hori hartzea erabaki du eta korsikeraz soilik irakatsiko luketen bi «ikastola» korsikar irekiko ditu, Biguglian eta Bastian. Lehena hurrengo ikasturtean eta bigarrena eramaten ari diren prestaketen arabera eginen da.

Estatu frantseseko hizkuntza gutxituetan murgiltze eredua eskaintzen duten beste eskualdeetako bost elkarteekin bat eginez, Eskolim sarean sartuko da.

Oraingoz, horrelako eskaintzarik ez da uhartean, baina beste elkarteen esperientzia baliatzeko Eskolimeko kideak biltzar nagusia Biguglian egitera gonbidatu zituzten larunbatean. Sarea, Seaskarekin batera, Diwan bretoiak, Calandreta okzitaniarrak, Bressola katalanak eta ABCM alsaziarrak osatzen dute.

Orain arte korsikeraz eskainitako hezkuntza sistema publikoan oinarritzen zen, baina eskumen handiak izanik ere, Hezkuntza Nazionalaren menpe gelditzen da, eta murgiltze sistema garatzeko eta hiztunak sortzeko mugak dituzte. Hori dela eta, korsikarrek Estatuan hizkuntza gutxi- tuak dituzten beste tokietako eredua ere garatzea deliberatu dute.

«Sistema publikoak bere mugak dituela ikusirik, hizkuntzaren garapena mugatzen duenez, gure kideen esperientziek erakutsi digute elkarteen eskutik heldu den murgiltze ereduak laguntza ekar dezakeela, baita osagarritasuna ere; esperientzia horretan oinarrituta dinamika horretan integratzen gara», adierazi zuen Scola Corsako presidente Ghjiseppu Turchinik.