EDITORIALA
EDITORIALA

Txertaketa, txertaketa eta txertaketa

Izurritearen laugarren olatuaren atarian gaudela diote adituek, eta egunotan gurean izango diren joan-etorriek eragin handia izan dezaketela olatu horren tamainan. Txertaketan izaten ari den atzerapenak, jendearen artean klarki antzeman daitekeen nekeak eta koronabirusaren aldaera berrien eraginak marraztutako olatua izango da. Aurreikuspena zer-nolako gordintasunarekin gauzatuko ote den ikustea besterik ez da falta oraintxe. Haatik, fatalismotik ihesi, hainbat ikasgai ateratzeko unea ere bada. Atzo Osasunaren Mundu Erakundeak esandakoa da, zalantzarik gabe, esanguratsuena: «Txertaketaren moteltasunak pandemia luzatzen du». Hain zuzen ere, horixe leporatu zion erakunde horrek Europari, txertaketan oso motel aritzea, eta «onartezintzat» ere jo zuen.

Hortxe dago, beraz, krisi egoera honetatik edo, sikiera, krisi honen epealdi latzenetik ateratzeko gako nagusia. Pandemia hasi zenean, txertoa lortzeko urteak pasako zirela esan ziguten. Oso konplikatua zen prozesu hori, ordea, asko laburtu dute zientzialariek. Ondorengoa, ordea, luzatzen ari da. Produkzioaren, banaketaren eta txertaketa beraren garaia iritsi denean agertu dira berriro mundu honen gabeziak eta miseriak: boteretsuen indarra eta mendekoen ezintasunak.

Jendea akitua da, eta agintariek iragarritako zenbait neurri ulergaitzak eta kontraesankorrak iruditzen zaizkio. Ipar Euskal Herrian berriro gogortuko dira neurriak, herenegun Macronek iragarri zuenez. Agintariek herritarrei arduraz aritzea eskatzen diete. Hala da, oso arduratsu jokatu behar dugu denok, eta atzo Lezaman Athletic agurtzeko gertatutakoak ohartarazpen bat izan behar luke denontzat, Kopako finalaren osteko ospakizunetan jokabide desegokiak eta arriskutsuak egon ez daitezen.

Baina, txertaketari buruz Osasunaren Mundu Erakundeak esandakoa eta politika publikoetan hilabeteotan ageri geratutako gabeziak gogoan, uneotan ardura nagusia agintarien gain dagoela eta ardura hori ez dela herritarrei errieta eginez zuritu behar nabarmendu beharra dago.