GARA
BILBO

Covid-19ak milioi bat lagun hil ditu dagoeneko Europan

Koronabirusaren aurkako txerto batzuen balizko albo-kalteak eztabaidagai izaten ari dira azken egunotan, baina bitartean gaixotasunak hedatzen jarraitzen du eta hildakoak eragiten. Horrela, iragan astean milioi bat heriotzaren langa gainditu zuen Europak, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) ordezkari Hans Klugek atzo esan zuenez.

Greziako Osasun ministro Vassilis Kikiliasekin batera egindako agerraldian, Klugek zenbait datu eman zituen egungo egoeraren larritasuna azaltzeko. Aipatu zuenez, minutu bakoitzeko 160 pertsona kutsatzen da covid-19arekin Europan, 9.500 orduero, eta 1,6 milioi astero.

Zenbaki hauek kontuan hartuta, egoera «arduratzeko modukoa» dela nabarmendu zuen Europarako OMEren zuzendariak, nahiz eta onartu zuen txertoei esker birusaren hedapena moteltzen ari den zantzu argiak ere badaudela. «Gauzak argi esan behar dira: kutsatzeak jaisten ari diren zantzuak egoteak ez du esan nahi transmisioa txikia denik», esan zuen Klugek, eta gaineratu zuen hedapena askoz gehiago jaitsi eta «maila txikietan» mantendu behar dela.

Izan ere, OMEren datuen arabera, birusaren intzidentzia adineko pertsonen artean bakarrik ari da txikitzen, txertaketa adin tarte horretan bakarrik dagoelako aurreratuta.

Ildo horretan, Klugek pandemiari aurre egiteko txerto guztiak ezinbestekoak direla nabarmendu zuen, AstraZenecarena ere bai, eta gogoratu zuen askoz arrisku handiagoa dagoela odolbilduak izateko covid-19arekin gaixotuta, txertatuz gero baino.