Asier ROBLES
BILBO
PRESO POLITIKOEN NA

Kalera atera dira beste behin euskal presoen askatasuna aldarrikatzera

Sortuk deituta eta «Askatasuna» lemapean, manifestazio jendetsuak izan ziren atzo, Donostian eta Bilbon eguerdian, eta Iruñean eta Gasteizen arratsaldean. Preso Politikoen Nazioarteko Eguna zela-eta, euskal presoak etxera ekartzeko beharra nabarmendu zuen Sortuk. Bide horretan, espetxeetatik, kaletik eta erakundeetatik egindako borrokarekin «estatuen blokeoa haustea» lortu den arren, ahaleginak bikoiztu behar direla azpimarratu zuen.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna zela-eta, jende ugari atera zen atzo Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetara askatasuna aldarrikatzera eta euskal presoak etxera ekartzea ahalbidetuko duten konponbide politikoak eskatzera.

Gipuzkoa eta Bizkaiko hiriburuetan 12.00etan hasi ziren manifestazioak. Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatu zen. «Askatasuna» lema zeraman pankartaren atzean, hiru lerrotan jarri ziren ehunka pertsona covid-19aren kutsatzeak saihesteko segurtasun-tartea mantenduz. Kale Nagusitik igaro ziren «Euskal presoak etxera», «Independentzia eta sozialismoa», «Borroka da bide bakarra» eta «Jo eta ke irabazi arte» leloak oihukatuz, ikurrinak eta presoen ikurrak bizkarrean zituztela.

Manifestazioa Plaza Eliptikora iritsi zen. Bertan 79 pertsona zeuden zain, zuriz jantzita eta eskuan errafiazko poltsa bana zutela. Bizkaiko preso politikoak ordezkatzen zituzten, eta poltsa bakoitzean preso baten izena, zein kartzelatan dagoen eta bere etxetik zenbat kilometrora dagoen jartzen zuen. Beste hiriburuetako mobilizazioetan irudi bera ikusi zen.

Euskal presoak ordezkatzen zituzten pertsonak pankartaren aurrean jarrita, manifestazioa Plaza Biribiletik pasatu eta Arriaga plazan bukatu zen. Txalaparta doinuekin sartu ziren manifestariak plazan. Ondoren, Paul Lakak eta Arantza Garbaio preso ohiak egin zuten irakurketa, aizkolari batek espetxe-politika irudikatzen zuen enbor bat hausten zuen bitartean.

Donostiako martxa Alderdi Ederretik abiatu zen, eta hiriko erdigunetik eta Zurriola pasealekutik igaro ondoren, Sagueseko zabalgunean amaitu zen, “Bakearen usoa” eskulturaren ondoan. Bertan, Haimar Altuna Sortuko kontseilu nazionaleko kideak egin zuen irakurketa.

Gatazka politikoa

«Lehenik eta behin, gure besarkadarik sentikorrena bidali nahi diegu Puerton, Mont de Marsanen, Lannemezanen, Darocan, Zaballan edo beste espainiar zein frantziar espetxe kriminalen batean bahituta dauden euskal preso politiko guztiei. Ihesean eta deportazioan ditugun lagun eta burkide guztiei. Etxean eta gurekin behar zaituztegu, herri bat daukagu-eta elkarrekin askatzeko»; hori esanez hasi zuen hitzaldia. Era berean, beste nazio eta herri zapalduetan askatasunaren alde jarduteagatik kartzelatuta dituzten preso politikoei «animoak» bidali zizkieten: «Gure irlandar anai-arrebek dioten moduan, tiocfaidh ár lá, gure eguna helduko da!».

Eledunek gatazka politikoa hor dagoela gogorarazi zuten, «sufrimendua eragin duena, 9.000 euskal herritar espetxera eraman dituena eta oraindik konpondu gabe dagoena».

«ETAren jarduera armatua amaitu eta hamarkada batera, nola da posible oraindik preso politiko, iheslari eta deportatuak egotea? Nola da posible horiei guztiei oraindik salbuespeneko neurri politikoak aplikatzea?», galdetu zuten hiriburuetako plazetan, eta erantzuna argia dela esan zuten: «Estatuentzat horietako bakoitza aktibo garrantzitsua delako independentziaren aldeko borrokan. Eta horregatik dituzte gatibu, proiektu independentista kaltetzeko modu eraginkorra delako. Eta hori guztia estatuek aski ikasia dute».

«Ahaleginak bikoiztu»

Hala eta guztiz ere, «espetxeetatik, kaletik eta erakundeetatik egindako borrokak» emaitzak ekarri dituela nabarmendu zuten, eta blokeoa «haustea» lortu dela: «Azken hilabeteetan, espetxe-politika apur bat humanizatu da gerturatzeen bidez, isolamenduaren amaieraren bidez edo bigarren graduen areagotzearen bidez. Pitzadura bat eragin diogu espetxeko hormari, baina oraindik benetako zuloa egiteko lan eta borroka handia egin beharra daukagu, espetxeetatik, kaletik zein instituzioetatik».

Halaber, euskal presoei salbuespen politikak aplikatzen zaizkiela gogorarazi eta gero, «lasaitzeko garaia ez» dela azpimarratu zuten. Bide horretatik, orain arte egindako ahaleginak «biderkatu» behar direla nabarmendu zuten: «Orain pitzadura handiago bat eragin behar diogu hormatzar horri, presoak etxera bidean jarri nahi baditugu. Berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak estatuen atzaparretatik askatu ahal izateko».

Hala ere, Euskal Herriak frantziar eta espainiar estatuekin duen gatazkak luze joko duela esan zuten: «Presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearekin, jakitun gara gure herriak estatuekin duen gatazka politikoa bere horretan mantenduko dela. Baina ez izan dudarik guztiak etxeratuta Euskal Herriaren askatasunera bidea azkartzea lortuko dugula eta gurekin izango ditugula Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan».

Iruñeko manifestazioa 17.00etan hasi zen Sarasate pasealekuan eta hiriko hainbat kale zeharkatu ondoren, leku berean amaitu zen. Iker Araguas Nafarroako Sortuko zuzendaritzako kideak komunikatua irakurri zuen, «euskal preso guztientzako askatasuna letra larriz» aldarrikatuz.

Gasteizen 17.30ean hasi zen martxa Andre Maria Zuritik euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzeko.