Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Datuak eta tresnak

Ia urtebete pasa da aste luzeak etxean eman eta berriro kaleari usaina hartzen hasi zenetik. Aspaldian disgustuak baino ematen ez zizkion hark egin zion bere urtebetetze egunean oparirik hoberena, paperean bildu gabekoa, baina zirraragarriena zalantzarik gabe: pijama eta etxeko arropa armairuan sartu eta han, jada hautsa hartzen ari zirenak jantzi eta etxetik ateratzekoa aukera. Bestelakoa izan zen hartu zion tankera, geldoago sumatu zuen, eta ez zuen lehen adina gozatu, alboan gindoazenak arauak jarri eta etengabe kalea estutzen joan ginelako. Ordutik, zabaldu eta estutu egin zaio, ikusezinak zaizkion lurralde eta herrien arteko mugek mugatu dute eta, agian, ez du nahi beste pertsonak ezagutu eta lagunik egiterik, baina ametsetan jarraitzen du eta, beste gauza askorekin batera, oporretan joateko bainujantzia eskatu du opari.

Asko dira pandemiak haurrengan sortu dezakeen eragina aztertzeko egin diren ikerketak eta lanak eta guztiek nabarmendu dute oraindik ondo ezagutzeko gai ez garen ondorio horiei ez dietela ihes egingo haurrek ere. Donostiako 6 eta 11 urte bitarteko gaztetxoen marrazkiak aztertu eta osatu den ikerketa batek azaldu du gehienek birusa bera irudikatu dutela eta baita hark eragindako ondorioak, mugak eta heriotzak ere. Marrazkietan sentimenduez ere mintzo dira, ordea, eta, arlo horretan, ikertzaileek nabarmendu dute sentipen onak eta txarrak irudikatu dituztela, atsekabearen ondoan esperantza adierazteko gai ere izan direla.

Antza, haurrak hobeto egokitzen dira egoera berrietara helduak baino, baina hain da berria? Gurasoei bideratutako gomendio ugari topa daitezke batean eta bestean egindako ikerketetan, kontuan hartzekoak haietako gehienak; baina irakurri nahi dituenarentzat, zientzian ari direnek agintari politikoei ere luzatu dizkiete gomendioak eta ohartarazi diete zeinen garrantzitsua den egoera honek haurrengan sortu duen eragina aztertzea eta euren garapenean izan dituzten gabeziei aurre egiteko bitartekoak jartzea. Datuak eta tresnak, hauek, beste batzuk ez bezala, eurotan neurtzeko modukoak ez badira ere.