GARA
OÑATI

Juan Carlos Irizar musikagile eta piano-jotzaile oñatiarra hil da

Juan Carlos Irizarrek ibilbide oparoa egin zuen euskal musikagintzan. Gazterik hasi zituen musika ikasketak eta pianoa eta konposiziorako grina bere eginda, 30 disko eta dozenaka partitura utzi dizkigu. Bereak dira Donostiako Zinemaldiko doinua eta Marijaiaren abestia.

Juan Carlos Irizar piano-jotzaile, konpositore eta orkestra-zuzendari oñatiarra ostegun arratsean hil zen, 69 urte zituela, Goiena agerkariak jakinarazi zuenez. Musikari eskainitako ibilbide oparoa zuen Irizarrek eta, bide horretan ekarpen handia utzi du egina: orotara 30 disko, ehunka kantu eta dozena bat partitura-liburu argitaratu zituen.

Irizar 1951. urtean jaio zen, Oñatin. Haurtzarotik musikarako zaletasuna erakutsi eta, beste askok bezala, solfeo, txistu eta akordeoiarekin hasi zuen bere ibilbide musikala. Gerora jo zuen pianoaren eta organoaren mundurantz, eta, bere ibilbideak bide horretatik jarraitu behar zuela erabakita, piano ikasketak burutu zituen, lehenik Donostiako kontserbatorioan, eta, horren ostean, Madrilera joan zen konposizio ikasketak ontzera, baita, beranduago, Pauera eta Erromara ere.

Zehazki, Pauen orkestra zuzendaritzarako bidea zedarritzen hasi zen, ikastaro baten ondotik, eta 80ko hamarkadan iritsi zen Erromara, Santa Ceciliako akademian orkestra zuzendaritza eta musikaren pedagogia ikasketak burutzeko asmoz. Jasotako irakaspenak ondo baino hobeto erabili zituen Irizarrek, gerora egingo zuen ibilbide musikalean arlo horiek guztiak jorratuko baitzituen.

Izan ere, hainbat orkestratako zuzendaritza lanak hartuko zituen bere gain. Bartzelonako Lizeoko Orkestra Sinfonikoa, Paueko Kontserbatorioko Orkestra, Erromako Santa Cecilia Akademiako Orkestra, Donostiako Schola Cantorum korua, Galdakaoko Zaletasuna korua eta Aita Menniko ahots zurien korua zuzendu zituen, besteak beste. Azken honetan musika-terapia saioak ere gidatu izan zituen.

Jaioterriko San Migel parrokian organista ere izan zen bost urtean zehar eta hainbat herritako musika bandak ere gidatu zituen; horien artean, Gasteizkoa, Zestoakoa eta Getariakoa. Egun, Galdakako Musika Bandako zuzendaria zen Irizar.

Musika-zuzendari gisa ibilbide luzea zuen bezala, konposizioan ere bide oparoa egin zuen oñatiarrak. Euskararen aldeko jai ugaritarako kantuak konposatu zituen; esaterako, Kilometroak eta Ibilaldia ikastolen festetarako, baina oro har denetariko ekimen eta jaialdietarako kantuak konposatu zituen: film eta dokumentaletarako musika, ballet eta antzerki ikuskizunetarako konposizioak, haurrentzako kantuak... Aniztasun horren adibide, aipagarria da bereak direla Donostiako Zinemaldiko ereserkia eta Bilboko Aste Nagusiko “Marijaia martxa”.

80ko hamarkadako hastapenetan argitaratu zuen Irizarrek lehen diskoa, “Donosti romántico” (1981), eta bere ibilbidean zehar 35 disko osatzera iritsi zen, batik bat musika instrumental erromantikoan oinarrituta. Euskal kantu tradizionalak eta gabon kantak pianorako moldatuta zenbait disko ere argitaratu zituen eta horien partiturak kaleratuz piano-jotzaileen eskura material berria jarri zuen. “Pedaleando” (2018) izan zen argitaratu zuen azken diskoa.