Idoia ERASO

MENDIKO SUEN ALDE ETA KONTRAKOEN ARTEKO EZTABAIDA GORI-GORIAN

Beratik abiatuta Gipuzkoan eta Lapurdin ere hedatuz otsailean 2.000 hektarea erre zituzten suteen ondoren, mendiko suei buruzko eztabaida gori-gorian da. Aldekoek diote beharrezkoak direla mendiak garbi atxikitzeko eta artzaintzarako; gizartearen gehiengoa, aldiz, kontra dago, ingurumenari kalte egiten diotela eta arriskutsuak direla argudiatuta.

Ipar Euskal Herrian urtero errepikatzen den eztabaida da mendiko suen ingurukoa, baina otsailean Beratik abiatuta Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdi hegoaldean barna 2.000 hektarea erre zituzten suteek, eztabaida areagotu dute. Aldekoek diote mendiak garbirik atxikiz kontrolik gabeko suteak saihesteko beharrezkoak direla eta abeltzaintzarentzat beharrezkoak direla; kontrakoek mahai gainean jartzen dituzte eragiten dituzten kalteak eta sortzen duten arriskua.

Sute horien kontrako iritzia gero eta hedatuagoa dago. Ohitura horrek dituen xedeak gaur egun baliozkoak ote diren zalantzan jartzen da, jakinik artzaintzaren pisua etengabe txikitzen ari dela. Horri gaineratu behar zaizkio bioaniztasunean sortzen dituen kalteak, eragiten duen higadura eta kutsakorrak diren partikula finen sorrera. Eta aurkakotasun berezia pizten da kontrolpetik ateratzen direnean, eta kasuen %10ean hori gertatu ohi da.

Su Aski elkarteak, ingurumenari eragindako kalteaz gain, gaiari beste ertz batetik ere heldu dio bere aurkakotasuna agertzeko, hau da, ohituraren ukapenetik. Defendatzaileek diote tradizioan oinarrituak direla, baina elkarteak hori horrela dela ukatzen du, garaian egiten ziren suek eta oraingoek zerikusirik ez dutela argudiatuz: «Gaur egungo su-emaite/suhakak ezin dira alderatu behialako suaren erabilerarekin, produktibismo hiltzailean oinarrituak baitira».

Sarako auzapez Battitt Laborde horien defendatzailea da, ordea, eta beharrezkoak direla argudiatzen du: «Laborantza munduko, artzaintza munduko tresna bat da, hemen ez dira hamaika lan horietan ari direnak, eta zaindu behar dira. Artzain munduan gure mendia xuhurra da, ez dira onak, ez bada zaintzen lanjera handitzen da, otea etortzen da, eta otea hemen arboltzen da».

Nekazariak eta artzainak dira alde agertu ohi direnak, baina horiek biltzen dituen Euskal Herriko Laborantza Ganberak ere iritzi bakar finko bat ematearen zailtasuna agerrarazi du, horri buruz idatzitako txostenaren izenburuan bertan aditzera ematen duen bezala: “Mendiko suak Ipar Euskal Herrian. Gerorik gabeko ohitura bat? Mendia iraunkorki kudeatzeko tresna bat?”.

Ondorio gisara, gaiaren konplexutasuna nabarmentzen du EHLGk: «Mendiko suteak ez dira beti ‘txarrak’, eta ez dira beti ‘onak’, helburuen eta ikuspegien arabera behar dira ikertu: belar produkzioa, paisaia, bioaniztasuna… Erreketen baldintza objektiboen arabera ere, gauzak ezberdinak izan daitezke: erregaiaren biomasa, erreketaren intentsitate eta denbora…».

Sute garaia

Sute kontrolatuen garaia urria eta martxoa artean izaten da. Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoen Departamenduan urtero 2.000 bat su deklaratu piztu ohi dira. Hori egin ahal izateko baldintza jakin batzuk bete behar dira: eguraldi egokia nahitaezkoa da, eta sua kontrolatu ahal izateko egoera zehatz batzuk ere bete behar dira Prefekturak baimena eman dezan. Baimendutako suez gain, urtero 100 bat legez kanpo piztu ohi dira.

Labordek baimena jaso dutenen eta jaso ez dutenen arteko ezberdintasuna ageria dela azaldu du: «Biak nahasten dira, eta nik hortatik sufritzen dut, begiratuta berehala ikusten duzu deklaratua den edo ez. Sute basek ez dute deusetarako balio, nolanahi eginak dira eta ez dute zerikusirik».

Sarako Herriko Etxeak batzorde berezi bat dauka erreketak kudeatzeko, eta su baimenduak piztu aitzin egiten dituzten desmartxak azaldu ditu: «Begiztatzen ditugu erre behar ditugun larreak, eta elkartzen gara elkarteak, artzainak, ehiztariak eta gizarte zibileko pertsona batzuk, baita ere suhiltzaileak, jendarmeak eta ingurumenaz arduratzen den teknikari bat. Leku bakoitza begiratu, eta zenbat jende behar den deliberatzen dugu, nola zaindu behar den ikusten dugu». Udalak batzorde hori sortzea deliberatu zuen, baimena lortzeko baldintzak aski zorrotzak direnez, sarritan hori gabe pizten zirelako, eta horren bitartez erakundeak hartzen du suaren ardura bere gain.

Artzaintzarako eremuen kudeaketarako antzinako molde gisara aurkezten da su mota hau, horrela izan baita mendeetan zehar, baina ohitura horren eta egungo praktiken arteko ezberdintasuna salatu du Su Aski kolektiboak. “Segur ote zaudete ohitura dela?” agirian kontrako erantzun argia adierazi du.  

Sateliteek erakusten dituzten irudiak agerian emanik suteek dituzten ondorio «zital eta suntsitzaileak» aipatzen dituzte, eta ohitura aitzakia dela ohartarazten dute: «Bereziki azken hamarkadetan Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren dirulaguntza zitalengatik galbideratu direnetik, izadiaren eta azken finean baserritarren munduan hiltzaile dira».

Horren frogatzeko, Pirinio Atlantikoko Prefekturak 1938an igorri gutun bat eman dute agerian: «Bertan, gaur egun sasi erreketa gisara izendatuak diren horiek nahitara piztutako suteak izanen zirela agertzen da. Artzainak suak piztetik saihesteko, erretako lekuetan hurrengo udan bazkatzea debekatua zen».

Eztabaida piztua da beraz, eta Beran eta Larhunen abiatu ziren suteek giroa berotu dutela nabarmendu du Labordek: «Eztabaidak etorriko dira, gizarteak ez du ongi ikusten sutea. Baina mendia irekia atxikitzekotan behar dira manerak aurkitu, eta oihana egiteko arbolak landatzekotan ere, zer mota ikusi behar da». Mendiek eta suek muga politikoak ezagutzen ez dituztenez Hego eta Ipar Euskal Herria elkartzen dituen Gure Mendia planaren garrantzia gogora ekarri du saratarrak, mugaren bi aldeetako beste erakundeetako ordezkariek suteen ondoren egin duten bezala.

Baimenik gabeko suen artean bi mota ezberdintzen dituzte, nahiz eta muga ezartzea ez den beti erraza. Batzuk, deklaratu gabeko sasi erreketa gisara definitzen dira, eta beste batzuk ‘kriminal’ gisa. Otsailaren 20an Larhungo magalak erre zituzten suteen artean ezberdintasun hori egin dute agintariek. Azkaine eta Urruña arteko Trabenia auzoan goizean izan ziren su abiatze puntuak ‘kriminaltzat’ hartuak izan dira, aldiz, Saran arratsean piztu zena sasi erreketatzat hartua izan da.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak egindako txostenean Larhunen kasua adibide gisara aipatua da, gero eta ageriago den egoera baten inguruan, orain abereek erabiltzen ez dituzten eremuetan erretzen jarraitu behar ote den irudikatzeko. Erreketen kontra agertzen da zentzu horretan, laborantza baztertu gabe, behar izanez gero berriz plazaratzeko manera balegokeela aipatuz: «Egungo egoerei egokitutako praktika berriak pentsatu behar dira».