Perfekzioa halako zerbait omen da
Elezkano oldarkor eta azti batek eta adjektiboak agortu dituen Zabaletak finalerako txartela eskuratu dute erakustaldia emanda.

ELEZKANO-ZABALETA 22
PEñA-ALBISU 8
Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak euren ibilbideko hirugarren eta laugarren Binakako finalak jokatuko dituzte, txartela eskuratzeko izan zuten lehen aukeran Peña-Albisu txikituta. Lehen jardunaldian Altuna eta Mariezkurrena zazpian utzi bazituzten, atzo Baikoko gipuzkoarrek tanto bakar bat gehiago egin ahal izan zuten, eta lehen finalisten aurka bi jipoiak eraman dituzten bikoteek euren artean jokatuko dute, hurrengo igandean, Bilbon bertan, maiatzaren 9ko finalean egon ahal izateko bigarren txartela.
Emaitzak oso antzerakoak izan badira ere, Elezkano-Zabaletaren bi garaipenek ez dute elkarren arteko batere antzik izan. Aurreko astekoa batere graziarik gabekoa izan bazen, aurkarien akatsek asko erraztu baitzieten bidea, atzokoa erakustaldi hutsa izan zen, batez ere Jose Javier Zabaletaren eskutik.
Perfekzioa existitzen den edo heldu ezinezko utopia bat den, eztabaida polita izan daiteke, baina perfekzioa benetan existitzen bada, atzelari bati dagokionez bederen, Zabaletak atzo egindakoaren antz handia izan behar du derrigorrez. Bi eskuekin, ezker-eskuin, beste askok palaz baino gehiago eman zion, pilota abiadura berezian irten zitzaion eskutik, baina agintzeaz gain, partida irakurtzen, defentsan zuloak betetzen... denetan asmatu zuen eta egindako bi akats bakarretako bat ere hala egin zuen, txokoan erantzundako dejada bat txaparen kontra botaz. Eta azken aspaldion halakoak sarri samar ikusi badizkiogu ere, partidaren garrantzia eta arerioaren maila ikusita ezin inola esan huts bakarra pilatu zuen Albisuk partida txarrik egin zuenik, bien arteko piloteo batzuk zoragarriak izan baitziren, lustre berezia eman zioten atzokoari. Hobetzekoen zerrendan, ezkerrez erantzun beharreko bi sake jarri zizkion Zabaletak bere buruari, baina ziurrenik gaur inor gutxi akordatuko da.
Zizela ere ona
Partiden hasieran behar bezala sartzea izan ohi zen Zabaletaren zulorik nabarmena, hala egin zieten ihes ligaxkako bi partidek, baina lezioa ondo ikasita etorri zen, 5-0 aurreratu baitziren Aspekoak. Zabaletak emandako erakustaldiarekin, Danel Elezkanoren lanak itzalean geratzeko arrisku argia dauka, baina ezin da aipatu gabe utzi Zaratamokoa bere atzelariaren mailuak eraginkorragoa izateko beharrezkoa duen zizela izan zela. Oldarkor, baina erasorako uneak oso ondo aukeratuta, bizkaitarrak oso partida ona jokatu zuen, elkar oso ondo hartuz.
Peñak eta Albisuk, batez ere euren boteko pilota jokoan jartzeko aukera izan zutenean, izan zuten euren unea, markagailuan 5-6 ere aurreratu ziren, baina ezer gutxi gehiago egin ahal izan zuten parean zuten bikotearen aurka. Baina bizirik diraute eta euren kontsolamendurako, zaila dirudi Zabaletak halako beste partida bat egin ahal izatea.

LOS QUE TANTO TE CRITICARON TE APLAUDEN AHORA

Muga-zergak: galdera ez da zergatik, baizik eta zertarako

GHK responde a ToxicoWatch con otro estudio previo de BioGipuzkoa

«Euskaldunen errekonozimendu bat dago Nafarroa osoan»
