Uxue Lasa Villa eta Raul Lopez Ekai
Steilas
KOLABORAZIOA

Lanbide Heziketa ingelesez; berriro ere, etxea teilatutik

Carlos Gimeno kontseilariak berriro ekin zion martxoan argi distiratsuz betetako titular bati; oraingo honetan «Nafarroan aurrekaririk gabeko eskaintza» eta «Atzerriko hizkuntzetan egindako eskaintza, ingelesez, zehazki» iragarri zituen. Titular horrek egundoko zifrak ditu, baina ez du inolako argudio-euskarririk; zirrara mediatikoa besterik ez du bilatzen.

Baina errealitateari helduz, Gobernu batek horrelako eskaintza garrantzitsu bat egiten duenean, gero ikasgeletan gauzatu behar da, eta, kasu honetan, galdera hurrengoa da: «Kontseilari jauna, benetan gauzagarria al da?».

Prentsaurrekoan, Kontseilariak hezkuntza-mugarri berri bat aipatu zuen: ingelesa Nafarroako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan sartzea produkzio sektoreen eskariari erantzuteko formula gisa. 360 ikaslek baino gehiagok prestakuntza, partzialki, ingelesez egiteko aukera izanen dutela esan zuen. Hala ere, diskurtso horretan ezinbesteko ardatz baten falta sumatzen da, hots, irakasleena. Kontuan hartu al da irakasleen iritzia modulu horiek ingelesez eskaintzeko? Atzerriko hizkuntza horretako irakasleek modulu espezifikoak emateko duten ezagutza maila aztertu al da? Zein hizkuntza maila eskatuko da ikasgaiak talde elebidunetan garatzeko?

Garrantzi gutxi dute PAIrekin izandako gertaerek eta duela gutxi Castejongo ikastetxe publikoa programatik atera berri izanak. Eta garrantzi txikiagoa du Hezkuntza Departamenduak inolako laguntza pedagogikorik gabe horrelako lanpostuak beren gain hartzen dituzten irakasle kontratatuen egoerak.

Diotenez, harri berarekin estropezu egitea gizakiak bakarrik egin dezakeen akatsa da; hori bai, tamaina horretako erabakiak alde bakarretik, aurreikuspenik gabe, azterketarik gabe, irakasleei entzun gabe, negoziazio edo kontsulta sindikalik egin gabe hartuz gero, errazagoa da berriz ere leku berean iraultzea.

Era berean, gogorarazi nahi dugu Nafarroako Irakaskuntza Publikoa Hobetzeko Itunak jasotzen duela espezialitate jakin batzuetan euskarazko eskaintza zabaltzeko behar diren neurriak aztertuko direla. 2018tik zain gaude. Era berean, materialak prestatzeko edo itzultzeko orduak edo baliabideak emanen direla aipatzen da, bai eta zikloen ezarpena beharrezko aurreikuspenarekin eginen dela ere ziklo horiek emateko langile kualifikatuak izan daitezen. Teoria argi dago, praktika ez hainbeste.

Horrelako eskaintza bat egin aurretik exijitzen dugu testuingurua aztertzea, materialak aukeratzea, profesionalekin hitz egitea eta oinarrietatik hastea, teilatutik izan beharrean. Hezkuntza Departamenduaren eta Nafarroako Gobernuaren ardura da modulu elebidun horiek sustatzeko gaitasuna aztertzea, betiere, noski, Lanbide Heziketan eskuratzen diren edukien eskurapena eta gaitasunen garapena oztopatu gabe.