Leo Belaustegi eta Rafa Perez
Ondarroa 12 Milia elkarteko partaideek izenpetua
KOLABORAZIOA

Aisialdiko arrantzaren kontrola

Galerna eragin du gure kostaldean Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, kanpo uretan aisialdiko arrantza arautzeko Errege Dekretua onartzeko egitasmoarekin. Beste behin ere, arrantzaren erregulazioan dago koska.

Dekretu horren justifikazioan esaten da, turismoaren eraginez, Espainian azken urteotan aisialdiko arrantzarako itsasontziak asko ugaritu direla eta, ondorioz, 1999an onartutako araudia zaharkitua gelditu dela. Dekretuak Espainiarentzat esaten duena guztiz baliagarria da Euskal Herriko kostalderako: ikusi besterik ez dago azken hamarkadotan zenbat eta zer tamainako kirol portuak eraiki diren gure kostaldean. Portu horiek jarduera ezberdinak gauzatzen dituzten laketontziez bete dira: kirola, turismoa, arrantza... Legeak baimentzen du ontzi horietan turistak arrantzara eramatea, ordainduta, noski.

Hona hemen iazko abenduan indarrean zeuden aisialdiko arrantzarako emandako baimen kopurua: 54.804 (1.702 urpeko arrantzarako eta 53.102 ur azalekoak). Jakina da lizentziako arrantza kopurua ez dela berdina, eta, ziurrenik, gutxi batzuek gehiengoak baino askoz ere gehiago arrantzatzen dutela.

Zenbat arrain mugitzen du, benetan, aisialdiko jarduera honek? Arrantza eredu hau autokontsumorako da edo batzuentzat «negozioa»? Zer eragin du horrek bioaniztasunean? Nola ez da ba, justifikatuta egongo, lege berria! Pedagogia behar da aisialdiko arrantzan dabiltzanak modu arduratsuan aritu daitezen.

Ez daude ados, ordea, neurri horiek kaltetuko dituztela dioten arrantzale «ez profesional» horiek; bisiguaren eta hegaluzearen arrantza aukerak gutxitzeak mindu ditu, bereziki. Diote, urteroko kanpainek erakusten dutela azken espezie horren egoera biologikoa ona dela, eta, beraz, dekretu horrek ez duela oinarri zientifikorik. Baina aisialdiko arrantzak ekonomian eta arrain-stocketan duen eragina aztertzeko Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak 2017an argitaratutako txostenak argi dio, nahiz eta behar besteko daturik ez izan, ez dagoela ukatzerik aisialdiko arrantzak eragina badaukala kostaldeko ekosistemetan ez ezik, ekonomian ere.

Izan ere, ez da fiskalizatzen eguneko arrantza tradizionalari eusten dioten profesionalei konpetentzia argia egiten dion aisialdiko arrantzak mugitzen duen dirua. Kirol arrantza merkatu beltzean mugitzen den jarduera da, gutxi batzuen eskura dauden salmenta lekuetara mugatua. Kontrolik gabeko kirol arrantzak, arrantza «furtiboak», kirol arrantza bera ere kaltetzen du. Araudi zorrotzagoak ekiditeko, ezinbestekoa da kirol arrantzaleen kontzientziazioa.

Pandemia garaiotan idatzi da artikulu hau, krisi ekologiko globalaren zantzuak gero eta argiagoak diren garaian. Bioaniztasunaren seigarren iraungipena ari zaizkigu ikusarazten zientzialariak. Basa-bizitzari kalte egiten dion jarduerarik ezin da onartu datu faltaren aitzakiarekin. Izan ere, argudio horrek, ingurumen eraginen ezagutza ezak, izan beharko luke arrantza bezalako jarduerak mugatzeko arrazoi nagusia; bereziki, eragin horiek neurtzeko baliabideak izanda, hala nola, AZTI institutu ozeanografikoa (aipatutako txostenaren egileetako bat).

Aisialdiko arrantzak gure kostaldeko ekosistemetan eta ekonomian dituen eraginak neurtu arte, Errege Dekretu horren alde egiteko ez ezik, Dekretu horri lagundiko dion barne uretako aisialdi arrantza arautzeko legedi propioa sortzeko ere eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta, aldundiei, berriz, araudia betearazteko baliabideak eta prozedurak zehazteko. Administrazioaren ardura da bioaniztasunaren eta ondare naturalaren zaintza eta kontserbazioa.