Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Oe, oe, oe, oe! Atera da BOE!

Hegaluze kanpaina hasi eta Urdaibain lehen arrano arrantzaleak jaio diren honetan aitor dut: nahiko lanpetuta ibili naiz egunotan; ibili ez, egon, ibiltzeko betarik gabe. Bada horixe!

Eguneroko egunkari biak arin baino arinago gainbegiratu, eta hori ere gauez, buruak letrarik ikusi gura ez duen unean. Baina, badakin/k, diziplinaz! Irizpidedun izate aldera! Total, kristoren nahasia daukadala buruan. Hara non ez dudan pentsatu, bada, tabernetan urteko ardoaren prezioa aldatu egingo dutela eskatzen duzun orduaren arabera! Sokil-mazo honelakoa! Geroxeago esan didate argindar kontua zela ordukako hori. Amen!

Orduak ordu, azken ordu hauetan gero eta ozenago datoz gerra-hotsak Lakuako bake-herritik. Gudu-zelaian hasiak omen dira eukaliptoak mozten… Nire amama ere hasia da bainuontzia olioz betetzen eta izozkailua kontserba-latez, badaezpadakoan. Izan ere, gerra-trumoirik entzuten ez bada ere, tximistak hor dira, transgeniko, ez dakit zeren iragarle. Amamak berak jakingo balu!

Oe, oe, oe, oe! Atera da BOE! Ajuriaenekoarentzat kalean ez balego, hobe! Baina egon badago, eta? Esaera zaharra normaltasun berrira ekarri eta moldatuta, zera: «BOEren sutean jartzean probatzen da zelakoa den… Sabin Eltzea». Errege dekretuak dekretu, artalde gehienak larre zabalean izan eta immunitatea artegi barruan lortu nahi!

Larreak aipatu ditudala eta… Ingurupenaren Nazioarteko Eguna! Pena inguruan, bai, euskaliktusaren zabalera ikusita; ez al dute, bada, bulegotik landatzen! Grina green halakoa! Ekimen eta ekintzaz josita datorren eguna, baina ekin gutxi. «Herriz herri jarduteko programa», non eta eskualdeak husten ari diren Araban. «Zure bizierarekin bat egiten» ere leitu dut nonon; kolpea gero! Birusak gauza bera esan zuen orain luze! Egun halakoak ere! Urdaiez dute batzuek eredu!