Desobedientziaren bidea urratzeko prest dira Seaskako hainbat irakasle
Brebetako azterketak zuzentzera deitzen badituzte desobedientziaren bidea hartzeko prest daudela jakinarazi diote Jean-Michel Blanquer ministroari Seaskako kolegioetako hainbat irakaslek. «Azterketak euskaraz» kolektiboak deitutako mobilizazioekin bat egingo dute.
Seaskako lau kolegioetako irakasle talde batek atzo aditzera eman zuenez, desobedientziaren bidea hartzeko prest daude Hezkuntza Ministerioak brebetako azterketak zuzentzera deitzen baditu. «Publikoki adierazten dugu brebetako zuzenketak egiteari uko egiteko prest daudela gure irakasle batzuk eta sustengua erakutsi nahi diegu», nabarmendu zuten Kanbon eskainitako prentsaurrekoan.
Jean-Michel Blanquer Estatu frantseseko Hezkuntza ministroari mezu argia helarazi diote gutun bidez: «Jakinarazten dizugu, gure irakaskuntzarekiko eta gure hizkuntzarekiko mespretxuaren aurrean, eta gure ikasleek pairatzen duten injustiziaren aurrean, gure kontzientziak desobedientziaren bidea urratzera eraman gaituela».
Ekainaren 28an eta 29an egingo diren brebetako azterketak «frantsesez egin behar izateak hogei urte gibelera» egitea dakarrela salatu zuten irakasleek eta, «hizkuntz eskubideen zangopilatze» horren aurrean, norabide berean lan egiten ari diren beste mugimenduekin batu beharra azpimarratu zuten.
Irakasle intsumisoek brebetako azterketak ez zuzentzeagatik izan ditzaketen ondorioak zeintzuk diren ez dago argi, lehen aldia baita halako zerbait egiten dutena, baina haien ekintzak izan ditzakeen ondorioetatik harago, baikor agertu dira, arlo desberdinetako eragileen batasunari esker brebeta euskaraz egin ahal izateko ezarri den xedea lortuko dela iritzi baitiote.
Gauzak horrela, azkenaldian brebeta euskaraz egin ahal izateko egin diren hainbat aldarrikapenekin bat egin dutela oroitarazi zuten eta “Azterketak euskaraz” kolektiboak uztailaren 1ean Donapaleun egingo duen mobilizazioan parte hartuko dutela iragarri zuten.
Erabaki politikoa
Manex Erdozaintzi (Larzabale), Estitxu Robles (Baiona), Piarres Larzabal (Ziburu) eta Xalbador (Kanbo) kolegioetako irakasleek aditzera eman zutenez, «bitartekoak badira azterketak euskaraz zuzentzeko, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du nahi. Erabakia politikoa da».
Seaskako zein ikastetxe elebidunetako irakasleek urtero azaltzen dute euskarazko azterketak zuzentzeko prestutasuna. Hala, lan hori egiteko prest dauden irakasleen zerrendak helarazten dizkiote Hezkuntza Ministerioari, baina, aldiz, haien jakinarazpenak ez dira aintzat hartuak.
Lehen aldiz 1986an egin zituzten Seaskako ikasleek brebetako azterketak euskaraz. Nahiz eta haien azterketak ez zituzten zuzentzen, mobilizatzen eta azterketak euskaraz egiten jarraitu zuten 1994ra arte, eta, ñabardurekin, 1995etik 2016ra. Izan ere, Historia-Geografia eta Matematikako ikasgaietan euskaraz egin ahal izan zituzten azterketak ikasleek.
2017an Zientziako azterketak ere euskaraz egin ahal izan zituzten, baina 2018an Seaskako ikasleen azterketak Pauera igorri zituzten eta, ordutik, 2020an salbu (osasun neurriengatik), urtero gauza bera errepikatu da: Seaskako ikasleen azterketak «bahituak» izaten dira eta euskaraz ez dakiten Paueko edo Bordeleko irakasle frantsesek zuzendu dituzte.
Irakasleen aburuz, «orain arte zama handiena ikasleek hartu dute, haiek izan dira kaltetuenak». Horregatik, beraiek ere urratsak egin beharrean sentitzen direla argitu zuten, «egoera injustuaren aitzinean kontzientziak agintzen baitu».