GARA
DONOSTIA

Errefuxiatuen eskubideak babestu eta bide seguruak eskatu dituzte

«Izan gaitezen babes: bide seguruak eta legezkoak orain» lelotzat hartuta, manifestazioak egin zituzten Donostia, Bilbo eta Gasteizen, hainbat taldek deituta, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean. Covidak mugak ixteko politikak gogortu dituela salatu zuten.

Covid-19aren pandemiak izan duen inpaktu larriaz ohartarazi zuten atzo, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, hainbat taldek antolatuta –tartean Irungo Harrera Sarea, Kolore Guztiak, Bizkaiko eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta CEAR Euskadi–, Bilbo, Gasteiz eta Donostian egin zituzten manifestazioetan. «Gogortu egin dituzte mugak ixteko eta militarizatzeko politikak», baieztatu zuten. Ondorioz, «nazioarteko babesa behar duten pertsona asko eta asko harrapatuta geratzen ari dira jatorrizko eremuetan, hau da, bizitza arriskuan duten tokietan, edota bestela, igarobide diren guneetan, oso baldintza larrietan. Pertsona askok galdu dute bizia Europara etortzeko bidean, eta gehiagok galduko dute oraindik». Hori amai dadin, bide seguruak eta legezkoak irekitzeko eskatu zuten.

Mobilizazioen amaierako mezuan nabarmendu zutenez, Mediterraneoa munduko mugarik hilgarrienetako bat da oraindik. «Europar Batasunak Afrikako iparraldeko mugetan egiten duen kontrol hertsia dela-eta, biderik arriskutsuena berraktibatu da».

Bestalde, iaz 80.000 lagunek eskatu zuten nazioarteko babesa Estatu espainolean eta 3.085ek, EAEn. Erantzun gehienak ezezkoak izan ziren berriro ere. «Ondorioz, migratzaile eta asilo eskatzaileak Bidasoan barna saiatzen dira iparralderantz egiten, beren migrazio-proiektua Europako beste herrialde batzuetan betetzeko itxaropenez». Erantsi zutenez, lehorreko mugetan profil etnikoa ardatz hartuta egiten diren kontrolak direla-eta, zenbaitek Bidasoa igerian zeharkatzen dute, eta erabaki hori oso arriskutsua da: aurten bi lagun hil dira horrela.