GARA
Donostia

Kutxabankek familia zaurgarri bat kaleratu nahi du Donostian

Kutxabanken egoitzaren aurrean mobilizazioa egin zuten atzo Donostian dozenaka bizilagunek eta gizarte erakundeetako ordezkariek, etxe berean 40 urte baino gehiago daramatzan familia zaurgarri baten etxegabetzea bertan behera utz dezan eskatzeko. Kaleratzeak Stop plataformak errenta zaharreko maizter izaera onartzea eskatzen du, hurrenez hurren %54ko eta %7oeko desgaitasuna duten Rosario eta bere semea etxean mugarik gabe gera daitezen.

Dozenaka bizilagun eta gizarte erakundeetako ordezkari ugari elkartu ziren atzo Donostiako Kutxabanken egoitzaren aurrean, familia zaurgarri baten etxegabetzea bertan behera utz dezan eskatzeko. Manifestariek familiari errenta zaharreko maizter izaera aitortzea exijitu zuten, «40 urte baino gehiagoz beren etxebizitza izan denean epemugarik gabe jarraitzeko aukera izan dezaten».

«Alkatetzarekin bildu eta Kutxabankekin izandako hartu-emanen berri emateko zain gaude. Etxegabetzea bertan behera uztea eta etxebizitzan mugarik gabe egon ahal izango dutela bermatzea nahi dugu, Kaleratzeak Stop plataformak proposatuta 2015eko irailaren 24ko Donostiako Udaleko osoko bilkurak hartutako ebazpenean oinarrituta. Ebazpen horren bidez, bankuek edota putre funtsek eskatutako pertsona kalteberen etxegabetzerik gabeko hiri deklaratu zen Donostia», gogoratu zuen plataformak.

Kaleratzeak Stop plataformak ez ezik, atzoko deialdiak Alokairu-Benta Berri, Inquilinos Azora, Egia 22, Egia Bizirik, Caritas Altza-Larratxo, Frente Obrero, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, CNT eta Steilasen sostengua ere izan zuen.

Errenta zaharreko kontratua

Rosariok eta bere semeak 76 eta 51 urte dituzte, eta, hurrenez hurren, %54ko eta %70eko desgaitasuna. Alarguntasun pentsioa, semearen desgaitasunari dagokion laguntza eta Donostiako Udalaren laguntza gehituta, hilean 1.020 euroko diru-sarrerak dituzte eta duela 40 urtetik baino gehiagotik bizi dira Rosarioren amak eraikitako etxean.

Bertan bizitzeagatik, alokairu apal bat ordaintzen zioten lursailaren jabeari. Jabeari Kutxabankek hipoteka-betearazpeneko demanda bat jarri zion eta, horri esker, 2012ko apirilean lursaila bereganatu zuen. Rosario eta bere familiaren errenta zaharreko kontratua subrogatu egin zuen, 1964ko HEL arauak finkatzen duen kontratuaren nahitaezko luzapen mugagaberako eskubidea barne.

Kaleratzeak Stopek jakinarazi zuenez, «Kutxabankek iraupen mugagabeko errenta zaharreko kontratuak errenta ez ordaintzeagatik edo beste etxebizitza bat eraitsi eta eraikitzeagatik eten egiten direla jakinda, alokairua ez ordaintzeagatik etxegabetzea eskatzea erabaki du». Plataformako ordezkariek gogoratu zutenez, 2018ko demanda batekin saiatu ziren jada etxegabetzea gauzatzen, baina Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak artxibatu egin zuen. Aldiz, 2021eko urtarrilean demandarekin «berriro saiatzea» erabaki zuen Kutxabankek, 420 euroko erreklamazioa eginez, 12 euroko errenta hileko. «Kopuruok ez daude hitzartuta eta ez dago horiek ordaintzeko bitartekorik», azaldu zuen. «Une horretatik aurrera hasi zen familia honen amesgaiztoa, Kutxabankek iraupen mugagabeko kontratua deuseztatzeko ahaleginak egin baititu. Ez du erregularizatu nahi izan Rosarioren amak aurreko jabeekin duela 50 urte baino gehiago hitzez adostutako kontratua».