EDITORIALA

Iraganera itzultzeko saiakera antzua

Guardia Zibilak Sortuko Euskal Presoen Batzordeko bi kide atxilotu zituen atzo, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio. Kuarteletik pasatu ondoren aske utzi zituen. Berri agentzien arabera, atxiloketak sorterrira itzultzen diren errepresaliatuei egindako harreren harira Auzitegi Nazionalean irekitako sumarioarekin lotuta daude. Iaz, urte hasieran, beste lau pertsona atxilotu zituen erakunde militarrak aitzakia berarekin. Orduan ere, kuarteletik pasatu ondoren, aske geratu ziren.

Egun, Euskal Herrian, Guardia Zibilak horrelako operazioak egitea indar erakustaldia baino ez da. Indar faktiko horrek kosta ahala kosta erlojua gelditu nahi du eta iraganera itzultzen saiatzen ari da etengabe. Alferreko saiakera, liburu hori aspaldi itxi baitzen. Ordutik hona, gainera, lan eskerga egin da ibilbide-orri berria gauzatzeko eta, besteak beste, gatazkaren ondorioak eta preso eta errefuxiatuen giza eskubideak bermatzeko. Hain zuzen ere, horretan ari ziren atxilotuak: erantzukizunez lanean, errepresaliatuen kapitulua ixteko, presoen eta horien senideen eskubideekiko errespetuan oinarritutako espetxe-politika gauzatzeko. Aldarrikapen horiek, gainera, onarpen zabala dute euskal gizartean eta horregatik pixkanaka emaitzak iristen ari dira. Testuinguru horretan, atxiloketek gauza bakarra erakusten dute, Guardia Zibilak hori guztia sabotatu nahi duela. Era berean, agerian gelditzen da erakunde militarra bake eta normalizazioaren bidean oztopoa dela. Beti bezala. Hortaz, atxiloketek pertzepzio bat indartzen dute: herri honetan Guardia Zibila sobran dagoela.

Euskal Herrira konponbidea giza eskubideen defentsaren bidez iritsiko da. Ikuspegi horretatik, “eskubide guztiak pertsona guztientzat” printzipioa funtsezkoa da normalizazioa, bakea eta demokrazia eraikitzeko. Badira konponbide demokratikoaren aurka dauden indar boteretsuak, baina bake prozesua sabotatzeko saiakerekin beren ospe txarra areagotzea baino ez dute lortuko.