EDITORIALA
EDITORIALA

Erraz garbitzen da odola militarren eskuetan

Derryn, 1972an, eskubide zibilen aldeko manifestazio baten ondoren irlandar herritarrak tiroz hiltzeagatik akusatuta zegoen britainiar beterano baten aurkako karguak bertan behera geratu ziren atzo. Fiskaltzak ez du aurrera egiteko biderik ikusten. Horrela jakinarazi zien Stephen Herronek, Belfasteko fiskalburuak, biktimen senideei. Maiatzean errepresioan nahasitako ‘A’ eta ‘C’ soldaduak absolbitu zituzten eta orain ‘F’ eta ‘B’ soldaduak libre geratu dira, azken bi horien kasuan epaiketarik ere egin gabe. Ondorioz, Bloody Sunday delako sarraskiaren egileetatik bakar bat ere ez dute kondenatuko. Inpunitatea erabatekoa da.

Duela hamarkada bat baino gehiago, 2010eko ekainaren 15ean, garaiko britainiar lehen ministro David Cameronek Derryko biktimei barkamena eskatu zien «justifikaezina eta bidegabea» izan zen sarraski hartan Gobernuak eta Armadak izan zuten jokabideagatik. 1998an, Ostiral Santuko Hitzarmenaren testuinguruan, senideen bultzadaz eta Tony Blair-en baimenarekin, Lord Savillek ikerketa bat abiatu zuen. “Saville” txostenak argi erakutsi zuen Armada izan zela tirokatzen lehena; britainiar militarrek inondik inora ez zutela indarkeria defentsa gisa erabili; babesgabe eta ihesi zihoazen zibilen aurka egin zutela tiro; zaurituak laguntzera joan zirenen aurka egin zutela tiro; gezurra esan zutela behin eta berriz, baita txostenak faltsutuz ere; eta militarrek une oro britainiar Gobernuaren eta Estatuko botereen babesa izan zutela, egia estaliz eta irlandar herritarren aurkako estrategia militarra hobetsiz. Horregatik guztiagatik eskatu zuen barkamena Gobernu britainiarrak. Horregatik guztiagatik epaituak izan behar dute sarraskian ardura izan zuten pertsonak.

Armadaren kodeetan tokirik ez duen koldarkeria erakusten dute herrien eta herritarren eskubideak bidegabeki zapaltzen dituzten soldadu eta poliziek. Zuzenbide estatuan onartezina den inpunitatea babesten dute agintariek. Han eta hemen. Hangoek, sikiera, egin zutena onartzen dute.