Asier AIESTARAN
HERRI KIROLAK

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa, uztailaren 16an

Lehiaketa Azpeitian jokatuko da, hiru mailatan banatutako 12 bikoterekin.

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Azpeitian aurkeztu zuten atzo eguerdian. Aizkolariek kirol hau modernizatzen saiatzeko iaz martxan jarritako proiektuaren jarraipena da hau eta hurrengo hilabeteetan jokatuko diren lehiaketetako aurrenekoa.

Zehazki, Binakako Txapelketa uztailaren 16an (ostirala) jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 22.00etan hasita. Hiru mailatan banatuko dira txapelak: lehen mailan, promozio mailan eta emakumezkoen mailan.

Ikuskizunari hasiera Promozio Mailako aizkolariek emango diote. Lau bikotek eman dute izena (Larrea III.a-Zelai IV.a, Jauregi-Eloy Corchero, Julen Kañamares-Pellejero eta Eneko Saralegi-Aratz Mugerza) eta bederatzi enbor ebaki beharko dituzte txanda librean: lau kana-erdiko, 60 ontzako hiru enbor eta beste bi oinbiko.

Ondoren, emakumezkoen txanda izango da; hain zuzen ere, lehiaketaren berrikuntza nagusietako bat. Hiru bikotek hartuko dute parte (Zelai III.a-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia) eta lau enbor moztu beharko dituzte: bi oineko eta 45 ontzako beste bi.

Eta, azkenik, gizonezkoen Lehen Mailako txapelketa iritsiko da, punta-puntako bost bikoterekin: Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Otaño-Ugaitz Mugerza, Irazu-Rekondo eta Txikia IV.a-Atutxa II.a. Kasu honetan aizkolariek 18 enbor moztu beharko dituzte: zortzi kana-erdiko, 60 ontzako sei eta lau oinbiko.

Sarrerak jada salgai daude eta bi modutan eros daitezke, Mendizabal Erretegira gerturatuz edota lehiaketaren webgunean: aizkolaritxapelketanagusia.eus

«Lanik exijenteena»

«Aizkolaritza modernizatzeko helburuan aurrera egiten jarraitzen dugu. Edizio honetan hainbat lehiaketa izango ditugu eta binakako txapelketa honetatik hasiko gara. Proba hau, gainera, inoiz txapelketa batek izan duen lanik exijenteena izango da», nabarmendu zuen Aitzol Atutxak.

Ekitaldian iragarri zutenez, banakako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusia udazkenean jokatuko da, eta aurten kanporaketak jokatuko dira lehenik.