Lander Garro
Idazlea
KOLABORAZIOA

23.000 isun bizitzak salbatzeko (?)

Sartu ginena baino indar handiagoz aterako gara», esan zuten. Normala zen animo pixka bat, geure bizitzan lehen aldiz etxetik irteteko debekua ezarria ziguten. Orain esanda ez dirudi hain larria, baina duela urte eta erdi, oso-oso larria zirudien. Horregatik ematen ziguten adorea gure agintariek telebistan ateratzen ziren aldiro. Gure hobe beharrez ari ziren!

Harrigarria egiten zitzaigun (edo agian ez horrenbeste), birusaren kontrako borrokaren lehen lerroa debekua izatea, eta bigarren lerroa jendeari isunak jartzea. Pittin bat neurrigabea ematen zuen: «Etxetik irten naiz txakurra ateratzera, eta 500 metro baino gehiago urruntzeagatik patruila batek gerarazi nau: 600 euro». Eguneroko kontua zen. Ez ziren edonolako isunak, gainera: 600, 1.000... 60.000 arte! Baina ez zen gutxiagorako, jokoan zegoena sakratuena delako: bizitza.

Musukoa kokotsean eramateagatik jarri zioten isuna nire lagun bati. Kaletik zihoan, bakarrik, goizeko ordu batak aldera. Tolosan. Patruila bat geratu da: «Musukoa?». Musukoa jartzeko keinua egin du lagunak. «Geldi hor», esan dio poliziak, eta isunarekin joan da etxera. Seguru zuetako askok izango dituzuela halako pasadizoak. Hasiera batean bizitzak salbatzeko pentsatu zena, izan ere, beste helburu batzuen zerbitzura jarri zen araua atera orduko.

Beti gertatzen da erregimen autoritarioetan: asmo “handi” batekin egiten da arau zigortzaile bat, baina egin orduko araua bera da asmoa, eta asmo “handia”, jatorrizkoa (bizitzak salbatzea, kasu honetan), ahaztu eta baztertu egiten da.

Aste honetan jakin dugu epaitegiek bertan behera utzi dutela azkenean etxean geratzeko agindua, legearen kontrakoa zelakoan eta, ondorioz, haren izenean jarritako isunak ere bidegabeak zirela. Zain ginen ea zer esango zuen Jaurlaritzak, epe horretan 23.000 salaketa jarriak baitzeuzkaten herritarren kontra. 23.000, bai, ongi irakurri duzu. Gazteak, langabeak, pentsiodunak: denok zigortuta!

Horrexegatik, seguru ginen Jaurlaritzarentzat ona izango zela albistea, azken batean, jendeari mugak jartzeko eginkizuna, hots, birusaren hedatzea gerarazteko politika, eginda baitzegoen, eta, gainera, bidegabeki kendutako itzultzeko aukera egongo zen! Ez al da ariketa biribila? Antza denez, ez.

Harrigarria gertatzen da Erkoreka Barne sailburua entzutea, albistea zorigaitzekoa dela esanez, Jaurlaritzak ezingo duelako isunen bidez errekaudatu behar zuena errekaudatu. Areago, kexu da errekaudatutako parte bat itzuli “egin beharko” delako. Jendeari bidegabeki kendutakoa itzultzea, beraz, zoritxarreko albistea da jende horren izenean lan egiten duen agintariarentzat!

Demokrazian gobernu bat jendearen ordezkaritza formal bat dela ikasi genuen gaztetan. Ezinezkoa da bi milioi lagunek euren burua denek batera gobernatu ahal izatea. Horregatik egiten dira hauteskundeak, teorian. Erkoreka hizketan entzuten duzunean, ordea, ezinbestean galdetzen diozu zeure buruari: noren izenean ari dira lanean?

Pena ematen du botere politikoa zer bilakatu den ikustea, entzutea eta sentitzea. Pairatzea, hitz batean. Erkorekak berak esan zuen isunak kobratu ahal izateko jendea kontratatu “behar” izan zutela, nahikoa langile ez zeukatelako horretarako. Osasungintzan (bizitzan!) kontratu ez zena, isunak kobratzeko kontratatu zen. Bizitzak salbatzeko ez zegoen dirurik, baina bizitzaren izenean isunak jartzeko bai!

Hau bada demokrazia ordezkatzaile bat, demokrazia hitza berrikusi beharko litzateke.