Agurne Gaubeka Erauskin
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
KOLABORAZIOA

Udaltzaingo zerbitzuak eta euskal hiztunon eskubideak

Batzuk udako oporretan murgilduak gaude, beste batzuk oporrak begi bistan ditugu eta beste askok lan garaia dugu uda. Izan ere, udan zerbitzu asko behar izaten ditugu herritarrek zein gure herriak bisitatzera datozenek. Administrazio publikoko zerbitzuetan zentratuaz gero, uda garaian herritarrekin etengabeko harremanetan eta gure herri zein hirietako egunerokotasunean oinarrizko zerbitzua eskaintzen dutenak dira udaltzaingoak. Eta hauek aipatzen ditut, azkenaldian euskaldunek kezka bereziz bizi dutelako zerbitzu hauetan gertatzen ari dena, udan arazoak areagotzen direlarik.

Urtero hainbat herritarrek salatzen dute zenbait udaltzainekin ezin izan dutela euskara erabili, eta beste askotan atzerapenak edo bestelako ondorioak jasan behar izaten dituztela agenteekin harremanak euskaraz nahi izateagatik. Egoera hauek, noski, udal batzuetan beste batzuetan baino gehiago ematen dira, azkenaldian nabaritu izan dugun bezala. Lan deialdietan hartzen diren erabakiek EAEko hainbat udalerritako zerbitzuetan izan dezake eragina, eta, beraz, arazo orokortu batez ari gara.

Bi arrazoi nagusi detektatzen ditugu. Batetik, urtarrilean salatu genuen bezala, oraindik orain hainbat herritan hizkuntza eskakizunen derrigortasun datarik ez duten lanpostu deialdiak egiten dira (Ertzaintzako lanpostuekin ere berdina gertatzen da). Adibidez urtarrileko deialdian, EAEko udaltzaingoko 57 lanpostuetatik 14k ez zuten derrigortasun datarik. Hau da, udalerri batzuetan udaltzain plaza bat eskuratu dezakete euskaraz ulertu ere egiten ez duten pertsonek. Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, aldi baterako kontratazioetarako lan poltsaren arazoa dugu, udalek Arkautitik gestionatzen dituzten lan poltsen alde egiten badute, hainbat udalek konfirmatu duten bezala, aldi baterako kontratazioetarako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako bitartekoen lan poltsan ez omen dago dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten behar adina izangairik. Hau da, udalek hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiak eskatu arren, akademiako lan poltsa horretan euskaraz dakitela egiaztatuta ez duten hautagaiak soilik geratzen dira.

Eta horrelakoetan lan poltsa gestionatzen dutenen aldetik zein da arazo honekiko proposatzen duten konponbidea? Udalei hizkuntza eskakizunik ez duten hautagaiak eskaintzea? Horiek horrela, udalek hautatu behar izaten dute zerbitzua euskaraz eskaintzea bermatuko ez duen izangaia onartzea, ala, aldiz, lan poltsa propioez baliatzea zein Lanbide bidez kontratazioak egitea. Edozein dela bidea, argi dago hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriekiko erabakien kontua dela, botere publikoen aldetik erantzun bat behar duena. Lan poltsa propioak eratzearen bidea hautatzen dutenek ere beste oztopo bat dute bidean: Euskal Poliziaren Legearen arabera Euskal Akademiaren formakuntza espezifikoa jaso behar dute, eta, beraz, formakuntza hori bete arte ezin dira lanean hasi.

Erabat kuriosoa, formakuntza edo eskakizun mota batzuk nahitaezkotzat jotzen diren bitartean, euskarazko bigarren hizkuntz eskakizuna ziurtatzea ez da beti nahitaezkoa. Eta horrekin “zer nahi duzu, mediku ona edo mediku euskalduna” dikotomiara bueltatzen garela ematen du. Hizkuntza eskubideak zerbitzu publiko osoan eta urteko garai guztietan bermatzea ezinbestekoa da ematen diren zerbitzuen kalitatea zein herritarren babes eta segurtasuna hobetzeko.