GARA
GAZA

Gazako biztanleen %80 elektrizitaterik gabe bizi dira, ikerketa baten arabera

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) Gazan eginiko ikerketaren arabera, herritarren %80k bizitza osoa ilunpetan igarotzen dute, «egunero hamar-hamabi elektrizitate ordu baino ez dituztelako».

Erakundeak atzo ohar batean azaldu zuenez, arazo hori «askoz larriagoa» da bero garaian, eta Gazako «herritarren osasunerako eta egunerokotasunerako mehatxua da».

«Horietako gehienek ezin dituzte elikagaiak hoztu, eta ezinezkoa da hondakin urak tratatzeko instalazioak martxan jartzea», esan zuen CICRek, eta ikerketak argi utzi du, gainera, elektrizitatearen urritasun «kroniko eta luzeak» eta energia mozketek herritarrei psikologikoki eragiten dietela.

CICRen arabera, 500.000 pertsonak ematen dute «gutxienez» egunaren zatirik handiena elektrizitaterik gabe, eta batzuek sorgailuen bidez ekoitzitako energia gehigarriaren hornidura ordain dezakete.

Ikerketaren arabera, inkestatutako pertsonen %27k adierazi zuten ez dutela energia elektrikoa beste inolako iturriren bidez lortzerik udal zerbitzu elektrikoa eteten denean, eta %91k azpimarratu zuten ezin diotela aurre egin ordezko energia moduen kostuari.

Gazako biztanleek azaldu zutenez, elektrizitate eskasiak «urteetan zehar euren bizitzari modu negatiboan» eragin die, eta erakundeak azaldu zuen «ia ezinezkoa» dela eguneroko etxeko lanak egitea, eta haurrek ezin dituztela eskolako lanak egin.