GARA
Addis abeba

Mugarik Gabeko Medikuak, Etiopiatik kanporatuak

Gobernuz kanpoko hiru erakunde (MSF Mugarik Gabeko Medikuak, NRC Iheslarientzako Norvegiako Kontseilua eta Al Maktum Fundazioa) Etiopiatik kanporatuak izan dira, agintariek haien lan baimenak bertan behera utzi eta gero. Azaldu dutenez, sare sozialen bidez «desinformatzea» eta atzerritarrak «lan baimen ofizialik gabe» kontratatzea leporatzen diete. Nazio Batuen Erakundeak Etiopiako osasun sistemak bizi duen egoera «larriaz» ohartarazi du.

Etiopiako agintariek atzo iragarri zutenez, nazioarteko gobernuz kanpoko hiru erakunderen lan baimenak bertan behera utziko dituzte: Mugarik Gabeko Medikuak, Iheslarientzako Norvegiako Kontseilua (NRC) eta Al Maktum Fundazioa.

Etiopiako Gizarte Zibileko Erakundeentzako Agentziak azaldu du erakunde horiek euren jardueren baitan egindako «urraketak» izan direla erabaki hau hartzeko arrazoiak. Hala, Herbehereetako MSFk eta NRCk sare sozialen bidez «desinformazioa» argitaratu dutela eta atzerritarrei lan baimen ofizialik gabe lana eman dietela adierazi du, baita MSFk satelite bidezko irrati-ekipamenduak «legez kanpo» inportatu zituela ere.

Bide beretik, Al Maktum Fundazioak pandemiaren inguruko protokoloak bete ez zituela argudiatu du. Aurrekontuak gaizki kudeatu zituela eta langileekin «zehaztu gabeko arazoak» izan zituela gaineratu du.

Ekainaren amaieran, Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko hiru kide hil ziren Etiopian, eraso batean.

Nazio Batuen bisita

Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkari nagusiordeak herrialde horretara egindako bisitaren harira iragarri dute erakundeak kanporatzeko erabakia. Griffithsek bi eguneko bisita egin du Tigrayra, eta «euren herrixka eta hirietatik ihes egin ostean, euren etxe eta etxaldeak atzean utzita, zuten guztia galdu duten Tigrayko pertsonekin» bildu dela adierazi du. «Etsigarria da hondamendiaren eskala ikustea, baita gaur egun non bizi edo non jan ez duten familiak ikustea ere», esan du.

Halaber, gatazkaren biktimei laguntza ematea eskatu du Griffithsek, «identifikatu gabeko pertsonek» asteetan zehar bortxatutako emakumeak barne. Era berean, gatazkak herrialdeko osasun sisteman duen eraginaz ohartarazi du, eta egoera okertzen ari dela gaineratu du. «Une honetan osasun etxe gehienek ez dute funtzionatzen, Hawzenen bisitatu nuen ospitaleak bezala, non ia ezerk, hormak izan ezik, ez zuen bere lekuan jarraitzen. Ekipamendu eta botika guztiak berriro jarri behar dira», argudiatu du.