Ainara RODRIGUEZ - Miren MUJIKA

Lazkao Txiki gogoan iltzatzeko margoa

Hil zenetik jada hiru hamarkada igaro diren arren, Jose Miguel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki eta hark kantatu eta esandakoak ez dira ahantzi. Horietako batek are eta sona handiagoa hartu du azken egunotan, Ordiziako eraikin batean Aitor eta Nextor Otaño aita-semeek egindako horma-irudi ikusgarriari esker: bertsolari aski estimatuaren erretratuaren alboan, «Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan» ageri da idatzita. Aitor NAIZ Irratian izan zen atzo (elkarrizketa entzungai da https://irratia.naiz.eus/eu atarian) muralaren ingurukoak azaltzeko. Enkargua Emaneurre Taldearen eskutik jaso zuten Otañotarrek eta, Aitorren esanetan, Lazkao Txikiren izaera islatu nahi izan dute. «Berari jartzen zizkioten gaiak komikoak izaten ziren askotan, baina sentimenduzko gaiak ere kontatzen zituen eta hori islatu nahi izan dugu horma-irudian. Guk diseinu batzuk erakutsi genizkien, eta, kontuan izanda gazteak ibiltzen diren kalea dela hori, umorea ere sartu nahi izan genion marrazkiari. Errealismoa eta umorea».